Laudioko Udalak kirol anitzeko bi pista jarriko ditu udalerrian

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2023ko mar. 21a, 07:15

Pista bat Lamuza parkean dagoen kantxan egongo da, eta bestea Aretan, Landeta kalearen ondoan.

Laudioko Udalak, udal kirol ekipamenduei kanpoko gunean egongo diren eta perimetro itxia izango duten kirol anitzeko bi pista berri gehitzeko kontratazio prozesua hasi du. Kirol-azpiegitura berri horien bidez, futbol, futbito, saskibaloi, eskubaloi, hockey eta kanpoko pistan ohikoak diren bestelako jokoen zaleei entrenatzeko eta gozatzeko aukerak zabaldu nahi zaizkie.

Pista bat Lamuza parkean dagoen kantxan egongo da, pilotalekuaren atzealdean, eta bestea Aretan dagoen futbito zelaian, zehazki, Vitoria-Gasteiz kalean, Landeta kaleko igoeraren ondoan.

“Instalazio horiek, jende guztiarentzat egokiak izan arren, gazteak erakartzen dituzte nagusiki, eta kirolaz, bai bakarka, bai taldean gozatzeko aukera ematen dute. Horrez gain, gaur egun degradatuta eta gutxiegi erabilita dauden bi espazio berreskuratzea dakar”, adierazi du Joseba Amondo Kiroletako zinegotziak.

Pista bakoitzak areto futbol/eskubaloi edo antzekoen tamainako bi ate eta bi saski izango ditu, bai eta itxitura perimetrala ere, gutxienez 1,20 cm-ko altuera duten panelekin. Gainera, zoladura kirol-kolore berdeko belar artifizial motako moketaz osatuko da. Neurriei dagokienez, Lamuzako parkean 40 x 20 metroko pista instalatuko da, eta Aretakoa, berriz, 20 x 10 metrokoa izango da. Hamabi asteko epea egongo da kirol ekipamenduak amaitzeko, kontratua esleitzen den egunetik kontatzen hasita, eta 125.000 euroko inbertsioa eskatuko dute.

“Herritarrek aurrekontu parte-hartzaileen bidez egindako proposamenetatik abiatutako inbertsioa da, Laudion benetan eraginkorra dela erakusten ari den tresna”, gogorarazi du Ander Añibarro alkateak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide