Iazko udan, bainu-denboraldian, Udaleko mantentze-lan sailak hainbat akats eta matxura antzeman eta inbentariatu zituen estali gabeko Ellakuriko igerilekuetako uren kontrol- eta erregulazio-sisteman. Hori guztia dela eta, beharrezkoa da konponketak egitea igerilekuetako ura iragazteko eta erregulatzeko ekipoek behar bezala funtzionatzen dutela bermatzeko.
Gauzak horrela, eta instalazioen zerbitzu ezin hobea bermatzeko, enpresa esleipendunak instalazioak aztertu eta ekipamendu berria igerileku bakoitzaren kokapenerako eta konfiguraziorako egokitu eta integratu beharko du, multzo bakar gisa jardungo duten iragazte, erregulazio eta kontrol elementuak hornituz eta instalatuz. Era berean, esleipenduna arduratuko da espazioak behar bezala garbitzeaz.
Proposatutako soluzioak akatsak eta arazoak ohartarazteko gailu bat ere izan beharko du, udaleko langileek eta esleipendunek une oro ezagutu ahal izan ditzaten ponpa dosifikatzaileen erregulazio- eta aktibazio-parametroak, instalazioetan bertan zein urrutitik. Igerilekuak ekainaren hirugarren igandean irekitzea aurreikusten da.
Horrez gain, instalazioa mantentzeko lanak ere egingo dira. Zehazki, aisialdirako igerilekuko hormak eta lurzorua konpontzeko lanak egingo dira, igerilekuetarako mortero berezia aplikatuz eta baldosen arteko tarteak egokituz. Era berean, lorezaintzari dagokionez, igerilekuko zabalgunearen perimetroko heskaiak birlandatuko dira, eta kirol-ekipamenduko lorategi-eremua egokituko da.