Abian da 2023ko Sanrokeak iragarriko dituen ohiko kartel lehiaketa. Deialdi berri horretan, herrian ohikoa denez, 6 eta 14 urte bitarteko adingabeentzako lehiaketa bat egongo da, eta beste bat adin tarte horretatik gorakoentzat. Aurreko edizioetan bezala, lehiaketara nahi adina kartel aurkeztu ahal izango dira, originalak eta argitaragabeak badira eta aurretik saririk jaso ez badute. Goiburuek ere desberdinak izan beharko dute.
Lanak JPG formatuan aurkeztuko dira, dagoeneko eskuragarri dagoen udal webguneko formularioaren bidez, eta Laudioko armarri ofiziala eta “SANROKEAK 2023-LAUDIO JAIETAN. Abuztuak 15,16,17,23,24,25,26 eta 27” testua izan beharko dute.
Parte hartu nahi duten laudioarrek maiatzaren 21era arte parte hartu ahal izango dute, egun hori barne. Helduen kategoriako irabazlea 2023ko Sanrokeetako irudia bihurtuko da eta 1.200 euroko sari bakarra eskuratuko du. Bestalde, haurrentzako lehiaketaren irabazleak, 250 euroko material didaktikoa eskuratuko du, herriko dendetan erositakoa.