Etxebarri baserrian aurreikusitako lanak astelehen honetan hasiko dira. Proiektua prestatzen eta obra kontratatzen hainbat hilabete eman ondoren, Laudioko Udalak Arquirest enpresari esleitu dizkio Etxebarri baserriaren aurrien egitura finkatzeko lanak. Enpresa hori da, besteak beste, Gasteizko Santa Maria Katedraleko lanen arduraduna.
Oraindik kontserbatzen diren hondakinen degradazioa dela eta planteatu da Baserriaren aurriak finkatzeko lanen lehen fase hau, hondamena kontrolatu, zutik geratzen diren fabriken egonkortasuna bermatu eta bertara hurbildu daitezkeen pertsonen segurtasuna areagotzeko. “Esku-hartzea egituran eta oraindik zutik dirauten kanpoko itxituretan oinarrituko da batez ere, Goikoplazako urbanizazioa Etxebarri baserria parte izango duen lorategi ireki handi batekin amaitzeko”, aurreratu du Ander Larrinaga Hiri Garapeneko zinegotziak.
Obrak 220.000 euroko aurrekontua du, eta datozen sei hilabeteetan luzatuko da. “Lan horiekin distira itzuliko diogu gure Etxebarri Baserri historiko eta enblematikoari, eta balioan jarriko dugu, herritarrek bisitatu eta ezagutu dezaten” amaitu du zinegotziak.