Aurten, Laudioko txikiek entzierro txiki desberdinak bizi izan dituzte, Etxeko Animaliak Babesteko legeria autonomiko berria indarrean sartu delako (9/2022 Legea, ekainaren 30ekoa, 2022ko abuztuaren 17ko EHAAn argitaratua). Lege horretan animaliekin egiten diren ikuskizunak edo lehiaketak arautzen dira, parte hartzen duten animaliei inolako sufrimendurik ez eragiteko.
2022ko Sanrokeak arte, zezen-ikuskizunei buruzko Araudia onartzen duen azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak ahalbidetzen zuen adingabeek entzierro txikian parte hartzea; izan ere, adingabeekin egiten ziren jardueretan 60 kg-tik beherako zekorrek parte hartzen zuten, eta horiek indarrean zegoen arautegitik kanpo geratzen ziren, beraz, ez zen jarduera debekatzen, ezta baimentzen ere.
Erregulazio berria 9/2022 Legearen 27. artikuluan garatzen da, eta hau xedatzen du lehen paragrafoan: "Debekatuta dago animaliekin ikuskizunak egitea, baldin eta beren garapen-araudirik ez badute, izan artistikoak, kulturalak, kirolekoak edo antzekoak, publikoak edo pribatuak, eta lokal itxi edo ireki batean, aire zabaleko esparru batean edo bide publikoan, instalazio finko, eramangarri edo desmuntagarrietan eginak”. Horrela, garapen-araudiaren mende ez dauden jarduerak debekatuta egongo lirateke, zezen horien jarduerak zezen-ikuskizunak erregulatzen dituen arauditik kanpo geratzen direlako, eta entzierro txikien kasuan, horiek ahalbidetzen dituen beste arau edo arautegirik ez dagoelako.
Nolanahi ere, zezen-ikuskizunak arautzen dituen 183/2008 Dekretuak 86. eta 93. artikuluetan debekatu egiten du 16 urtetik beherakoek zekorketetan eta zezen-ikuskizunetan parte hartzea.
- 86. artikulua. 4. atala: “Debekaturik dago 16 urte baino gutxiagoko adingabeek zekorketetan parte hartzea”.
- 93. artikulua. 1. atala: “16 urte baino gutxiagoko adingabekoek ezingo dute tradiziozko toreo-ikuskizunetan parte hartu; soilik ikusle gisa joan ahal
izango dira…”
“Abuztuaren 1ean, udalerrian jarduera hori eteteari buruzko komunikatua igorri genuenean, ez genuen araudiaren erreferentziarik egin, baina indarrean dagoen araudia argia da, eta berariaz debekatzen du 16 urtetik beherakoek zezen- jardueretan parte hartzea”, adierazi du Sonia Respaldiza Jaietako zinegotziak. Arabako Foru Aldundiak, Laudioko Udalak kontsultatuta, baieztatu egin du horrelako ikuskizunak debekatu egin direla EAE osoan. “Foru-aldundietako abeltzaintza-zerbitzuek dute animaliekin jarduerak egiteko baimena emateko eskumena, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan berdin jokatzen dute, eta ez dute 60 kg baino gutxiagoko ganadua erabiltzen duten ikuskizunetarako baimenik ematen, entzierro txikia kasu. Gure aldetik, lanean jarraituko dugu arau horrek beste ikuskizun batzuetan izan ditzakeen ondorioak argitzeko, Gabonetan, besteak beste”, adierazi du zinegotziak.
Aurreko guztia, eta gazteen eta haien familien artean sortutako ezinegona kontuan hartuta, Gobernu Taldeak Haurren eta Nerabeen Udal Kontseiluaren (OPIA) inplikazioa edo parte hartzeko beste bide batzuk aztertuko ditu, adingabeek entzierro tradizionalen alternatiba bat balora dezaten.