Altzarrate KE Euskara Plana egiten duen lehen kirol erakunde laudioarra

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2023ko urr. 19a, 07:00

Udalak Euskara Plan bat lantzeko gonbita egin die beste klub eta toki entitateei, kirol arloan euskararen erabilera sustatzeko.

Duela urtebete Udaleko Hizkuntza Normalkuntzarako Azpiarloak martxan jarritako ekimena fruituak ematen hasi da eta, hortaz, Altzarrate Kirol Elkartea izan da herriko kirol elkarteetatik Euskara Plan bat landu duen lehena, kolektiboari, kirolariei eta familiei zuzendutakoa. Horregatik guztiagatik, Udalak Altzarrate KE klubak hartutako konpromisoa eta egindako lana aintzatetsi eta balioetsi nahi du.

Bestalde, Udalak hizkuntza-normalizazioan aurrera egiten jarraituko du, beste klub eta tokiko erakundeek gero eta neurri eraginkorragoak bultza ditzaten, euskararen presentzia eremu guztietan errealitate izan dadin. Izan ere, klub bakoitzak bere Euskara Plana lantzea eta kirola "euskararen aurrerabiderako eta normalizaziorako garapen integraleko tresna" bihurtzea da azken helburua, Nagore Gomara Hizkuntza Politiketako zinegotziak nabarmendu duenez. Neurri txikiak edo handiak izan daitezke, elkarte bakoitzaren nahien eta ahalmenaren arabera eta "Udaletik laguntza eskainiko diogu parte hartu eta Euskara Plan bat egin nahi duen edonori, beharrezko baliabide guztiak bere esku jarriz", gaineratu du.

Altzarrate KE-tik argi dute euskararen garrantzia, "gure kultura eta nortasunaren parte delako", diote. Udalaren ekimenak kirol modalitate bakoitzera egokitu nahi du eta futbolean, adibidez, "hizkuntza gaztelania da", adierazi dute klubeko bozeramaileek. Horregatik guztiagatik, kirol taldeak euskara bultzatzeko neurriak hartzeko konpromisoa hartu du, "zelaiaren barruan zein kanpoan". "Euskara gure izaeraren parte da, eta euskaldun gisa harro sentitu behar dugu, beraz, erabil dezagun euskara", esanez amaitu dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide