Laudioko Udalak Gizarte-langile bat eta Ingeniari Tekniko Elektriko bat kontratatuko ditu azaroaren 30a baino lehen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez. Gazteak kontratatzeko Euskadiko EGF Plus 2021-2027 Programaren barruan daude bi lanpostuak. Horregatik, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa eta alta emanda dauden 16 urtetik gorako eta 30 urtetik beherako pertsonak kontratatuko dira.
Lanpostu horietako bat lortu nahi dutenek graduko prestakuntza izan beharko dute, eta eginkizunak betetzeko euskararen 3. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea egiaztatu beharko dute. Bi kasuetan lanaldia osoa izango da, 7 ordu eta 15 minutukoa, goizeko ordutegian, 7:30etik 14:45era.
Lan-eskaintza urriaren 31ra arte egongo da zabalik Lanbideren webgunean.