Udalak eta Laudioko eragileek programa bateratua prestatu dute Euskararen Nazioarteko Egunerako

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2023ko aza. 23a, 06:35

Jarduerak datorren asteartean hasiko dira XARE jardunaldiekin eta abenduaren 3ra arte luzatuko dira.

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, abenduak 3 ospatzen dena, Laudioko Udalak eta herriko euskalgintzako hainbat eragilek egitarau zabala antolatu dute datorren asteartetik, azaroak 28tik, abenduaren 3ra arte, igandera arte. "Euskarak bultzada berri bat behar du, bere erabileraren hazkundea ardatz duena. Horregatik, euskararen arnasguneak indartu behar ditugu", nabarmendu du Nagore Gomara Zeharkako Politiken zinegotziak.

Aurten, laudioarrak XARE jardunaldiekin murgilduko dira programan, 2012an nerabe eta gazteen artean euskarazko kultura digitala sustatzeko sortu zen proiektua. Laudio eta Amurrioko batxilergoko ikasleei zuzendutako saioa azaroaren 28an izango da, asteartean, 08:30etik 15:00etara, eta herriko hainbat gunetan egingo da: kasinoan, kultura etxean, Lezeaga aretoan eta liburutegi zaharrean.

Euskararen aldeko programak hurrengo egunean "Oilo ibiltari, azerien janari" hitzaldiarekin jarraituko du Kultura Etxeko Arraño aretoan (18:30ean). Ostiralean, abenduak 1, 11:00etan, Laudioko ikasleek, euskaltegiko ikasleek eta ordezkari politikoek euskararen aldeko adierazpena irakurriko dute. Ekitaldia Herriko Plazan izango da, eta bertan Maialen Solaunek ere parte hartuko du, Aniztasun Funtzionalaren Eguna dela eta. Ordu erdi geroago, 11:30ean, "Merkataritza eta Euskara" sariak banatuko zaizkie Lur eta Olympus dendei.

Arratsaldean haurrentzako tailerrak eta jolasak izango dira Herriko Plazan. Bertsolariak ere izango dira Kasinoan 19:00etan, eta, oraingo honetan, Maialen Lujanbiok, Amets Arzallusek, Aitor Mendiluzek eta Alaia Martinek hartuko dute parte.

Abenduaren 2an, larunbatean, jarduerak Aldai Plazara eramango dira, eta 13:00etan "Euskararen Makila" ohorezko saria emango zaio Latiorro ikastetxeari. Egun berean, baina 17:30etik 19:30etara, Lezeaga aretoan, haurrentzako antzerki tailerra egongo da, txikientzako askariarekin, eta 19:00etan "Iratxoen kantu sekretuak" haurrentzako ikuskizunak Aldai plaza hartuko du.

Azkenik, abenduaren 3an, igandean, Euskararen Nazioarteko Egunean, Artziniegan Euskararen eskualdeko jaia ospatuko da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide