• Azaroaren 28an Laudioko udal kultur aretoetan izango den jardunaldian, Amurrioko Zaraobe BHI-ko eta Laudio BHI-ko nahiz Laudioko Ikastolako Batxilergoko 1go mailako 300 ikaslek hartuko dute parte.
• Saioak dakarren egitarau osoa hiru gune edo aretotan gertatuko da 9:00–13:45 bitarte: Lamuza Kultur Etxean, Liburutegi Zaharrean eta Lezeaga Aretoan.
• Gainera, Sara Zozaya musikariaren kontzertuaz ere gozatuko dute gazteek. Artista donostiarra Laudioko Kasinoan ariko da zuzenean, 10:45ean, hain justu
goizeko lehen atsedenaldiaren ostean.
• Lexuri Ugarte Aretxaga Arabako Foru Aldundiko Euskararen eta Gobernu Irekiaren zuzendaria, Aiara Encina Kastrexana Aiarako Kuadrillako presidentea,
eta Laudioko Udaleko Ainize Gastaka Martinez alkatea eta Nagore Gomara Picaza Zeharkako politiketako eta Hizkuntza-politiketarako zinegotzia, azaroaren 28ko saiora hurbilduko dira. 9:00etan, Kasinoan, ongietorria egingo diete ikasleei, eta jardunaldiaren nondik norakoak bertatik bertara jarraituko dituzte gero.
• Laudiok aurten hartuko du, lehen aldiz, Xare ekimena. Eta, hain justu, saio honek abiatuko du 2023-2024 ikasturteari dagokion Xare zikloa. Datorren abenduaren 4ean eta 5ean proiektuak Gasteizen egingo du geldialdia, eta Donostiak ere hartuko du abenduaren 12an eta 13an. Aurrerago, udaberrian, Barakaldora iritsiko da.
Datorren azaroaren 28an, Xare egitasmoa, Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldia, lehen aldiz iritsiko da Laudiora. Udal kultur aretoak, egun batez, euskarazko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) gune garrantzitsu bihurtuko dira, eta gazteak izango dira protagonista eta onuradun. Izan ere, Amurrioko Zaraobe BHI-ko eta Laudioko BHI-ko nahiz Laudioko Ikastolako Batxilergoko 1go mailako 300 ikaslek hartuko dute parte.
Jardunaldiak dakarren egitarau osoa hiru udal kultur aretotan gertatuko da:
Lamuza Kultur Etxeak IKAS ARETOA hartuko du.
Liburutegi Zaharrak ERA ARETOA hartuko du.
Lezeaga Aretoak JOLAS ARETOA hartuko du.
Hala, 9:00etatik 13:45ra bitarte, hiru taldetan banaturik eta beste horrenbeste txandatan, ikasleek Xare jardunaldiak dakarren egitarau osoaz gozatzeko aukera izango dute.
Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Aiarako Kuadrillak eta Laudioko Udalak eskuz esku sustatu eta babesten duten proiektua da hau. Horregatik eta ekimenaren aldeko konpromiso instituzionalaren froga gisa, Arabako Foru Aldundiko Euskararen eta Gobernu Irekiaren zuzendari Lexuri Ugarte Aretxaga, Aiara Encina Kastrexana Aiarako Kuadrillako Presidentea, eta Laudioko Udaleko Ainize Gastaka Martinez alkatea eta Nagore Gomara Picaza Zeharkako politiketako eta Hizkuntza-politiketarako zinegotzia hurbilduko dira astearteko saiora.
Hain justu Ugarte, Encina, Gastaka eta Gomara arduratuko dira 9:00etan Kasinoan gazteei ongietorria egiteaz. Gero, jardunaldiaren nondik norakoak bertatik bertara jarraituko dituzte.
Egitarau praktiko eta dinamikoa
IKAS aretoan (Lamuza Kultur Etxea), gazteek 6 lantegi praktikotan trebatzeko aukera izango dute.
• ‘Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak’ – Dj Makala. (TXIMENEA gelan)
• Bideo mappinga; errealitatea areagotzen proiekzioak objektuen geometrietara doituz’ – Elurmaluta. (LAMUZA gelan, ezkerraldean)
• ‘3D inprimagailuak’ – Protomakers. (LAMUZA gelan, eskuinaldean)
• ‘Argazkilaritza mugikorrarekin, Instagram baino gehiago’ – Oier Fuentes. (MINEROLOGIA gelan,)
• ‘Errealitate birtuala’ – Protomakers. (ARRAÑO gelan)
• ‘Gamer gela’ – Game Erauntsia. (ALDAKOERREKA gelan)
ERA aretoan (Liburutegi Zaharra)2 hitzaldi labur eta dinamikotan parte hartuko dute.
• ‘Pribatutasuna Sarean’ – Maider Likona informatika ingeniaria, Gisa elkartea.
Sare sozialetan erabiltzaileek uzten duten arrastoaz eta honen ondorioez jardungo dira.
• ‘Gaitu.eus, Adimen Artifizialak euskaraz egin dezan’ – Mattin Solis, Talaios Kooperatiba. Makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, lehenago irakatsi egin behar diegu. Euskarak eta euskaldunok begi aurrean dugun erronka berriaz hitz egingo dute.
JOLAS aretoa (Lezeaga Aretoa)
Gazteek euskarazko IKTk erabiltzea esperientzia ludikoarekin lotu dezaten nahi du Xare ekimenak. Horretarako, Egunean Behin jokoaren zuzeneko partida batean lehiatzea proposatuko diete gazteei.
Sara Zozayaren kontzertua: 10:45ean Kasinoan. Parte hartzaileek ongi pasatu dezaten nahi dute antolatzaileek, gazteek euskarazko teknologiekin izango duten hartueman honen gaineko oroitzapen ona gorde dezatela. Eta hain justu esperientzia borobiltzera dator Sara Zozaya musikari donostiarraren kontzertua.
10:45 – 11:05 bitarte, zuzenean ariko da Kasinoan (justu gazteek ordu laurdeneko atsedenaldia egin ostean).
Bakarlari moduan lehen disko luzea atera berri du Sara Zozayak: Nara. Izen bereko aurkezpen-bira abiatu berri du eta, beraz, Laudioko hitzordua benetako primizia eta luxua izango da gazteentzat
Gazteak, euskara eta IKT
GAZTEAK, EUSKARA eta TEKNOLOGIAK dira Xare ekimenari izaera ematen dioten hiru ardatzak. Digitalizazio prozesuek honezkero bizitzako esparru guztiak busti dituzten honetan eta adimen artifizialaren (AA) eragin-eremua esponentzialki hazten ari den honetan, ezinbestekoa eta premiazkoa da natibo digital diren gazteak euskarazko IKTetan ere trebatzea, gure hizkuntzak AAren onurak bere egin ditzan eta hizkuntza bizia izan dadin.
Erabiltzaileak ez ezik, euskarazko unibertso digitala edukiz hornituko duten sortzaileak ere behar ditu gure hizkuntzak. Eta baita etorkizunean lanean euskaraz jardungo diren injineru informatikoak edota programatzaileak.
Softwareen euskaratzea bultzatzea eta gazteen artean horiek instalatzeko nahiz erabiltzeko ohitura sustatzea izan daiteke lehen-lehen pausoa. Horrenbestez, IKTen arloan euskararen erabilera sustatzea, eta euskarazko kultura digitala ezagutzera ematea nahiz balioestea dira Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Aiarako Kuadrillak eta Laudioko Udalak bultzatu duten Xare egitasmo estrategiko honen helburu nagusiak. Eta, batez ere, parte hartzaileek ongi pasatu dezaten nahi dute antolatzaileek, gazteek euskarazko teknologiez goza dezatela, esperientzia ludikoa izan dadila.
Laudio, aurtengo lehen geltokia
Xare egitasmoa, Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldia, aurten iritsiko da lehen aldiz Laudiora. Proiektuak, baina, ibilbide luzea darama beste hiriburu eta udalerri batzuetan. 2023-2024 ikasturte honi dagokionez, Laudioko hau izango da Xare zikloaren lehen geltokia.
Datorren abenduaren 4ean eta 5ean proiektuak Gasteizen egingo du geldialdia, eta Donostiak ere hartuko du abenduaren 12an eta 13an. Aurrerago, udaberrian, Barakaldora iritsiko da. Nafarroari dagokionez, bestalde, Sarean Euskaraz gisa eta Nafarroako Gobernuak Euskarabidearen bitartez sustatuta, saio bikoitza egin zen urriaren 10ean eta 11n.
Iaz ere, 2022-2023 ikasturtean, Gasteizek, Donostiak eta Barakaldok hartu zituzten Xare Jardunaldiak. Hiru hitzordu horiei Iruñeko Baluarte Jauregian Sarean Euskaraz izenpean eginikoa gehituta, orotara 2.700 ikaslerengana iritsi zen ekimen.