Auzo Batzarren zikloa amaitu da, Udalaren oso balorazio onarekin. Egin diren zortzi bilkuretan 250 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte, eta guztietan dagokion Auzo Kontseilua eratzea lortu da bolondresekin. Hori horrela, 22 emakume eta 29 gizon foro berri horietan parte hartzeko prest agertu dira.
Udaleko herritarren partaidetzarako sailak zortzi auzo kontseiluen inskripzioa amaitzen ari da elkarteen udal erregistroan, auzo bakoitzeko bi ordezkari otsailetik aurrera auzoen osoko bilkura bereziko gaietarako batzorde iraunkorrera joaten has daitezen. Aurrerago, Tokiko Batzarra eta dagokion kontseilua jarriko dira martxan, udalerri osoarekin zerikusia duten gaiak jorratzeko.
Laudioko herritarrak kezkatuta agertu dira udalerriko argiteria publikoa, auzoen zahartzea eta udalerriaren garbitasunaren aurrean. Nolanahi ere, Ainize Gastaka alkateak nabarmendu duenez, bilera guztietan jorratutako gaiek "komunitatea sortzea dute helburu".
"Herritarrek nota onarekin gainditu dute abian jarritako parte-hartze sistema berria. Jasotako proposamen eta hobekuntzak auzoetan identitate bat sortzea bilatzen dute; guztion artean komunitate bat eratzeko helburuarekin", adierazi du alkateak.
Parte-hartzaileen artean, nabarmentzekoa da emakumeen presentzia handia, bai eta bertaratutakoen bataz besteko adin altua ere, pertsona gazteen presentzia eskasarekin. Bestalde, hurrengo batzar zikloari begira, Udalak hizkuntza irizpideak hobetu nahi ditu, saioak euskaraz egiteko zailtasunak sumatu direlako. 2024ko aurrekontuetarako eta 2024-2027 legegintzaldi planerako ekarpenen bilketa, batzar-ziklo honetan abian jarria, zabalik egongo da abenduaren 31ra arte, Udalaren webgunearen eta hainbat udal-instalaziotan (HAZ, liburutegia, Kultura etxea, garapen-agentzia, Gardeako gizarte-zentroa eta kiroldegia) prestatu diren postontzien bidez.
Horrez gain, Udalak udal langileek Auzo Batzarren zikloetan egin duten lana eskertu eta balioetsi nahi du.