Igandean, abenduaren 24an, Laudioko Aldai Plaza bertako produktu eta artisautzaz beteko da Laudioko ikastetxeek eta Basalarrina Kultura Elkarteak, Udalarekin elkarlanean, antolatutako Neguko Azokarekin. Azoka Herri Eguberri programa barruan kokatzen da eta goiz osorako hartuko du plaza 20 saltokirekin.
Hala ere, gune horretan bertan jarduera gehiago izango dira; izan ere, 13:00etan Laudioko ikastetxeek (Lamuza, Latiorro, La Milagrosa, Areta Herri Eskola eta Laudio Ikastola) eta Basalarrina Kultura Elkarteak Mari Domingi eta Olentzeroren kartel lehiaketako sariak emango dizkiete saritutako artistei. Marrazkiak egun horretan bertan jarriko dira ikusgai Herriko Plazan.
Baina Laudioko txikiek gehien espero duten momentuetako bat 18:15ean iritsiko da, Mari Domingik eta Olentzerok ohiko kalejira egiten dutenean. Ibilbideak Nerbioi kalea zeharkatuko du eta Elexalde kaletik sartuko da Herriko Plazara, berton amaitzeko. Oraingoan ere, Basalarrinako kideak arduratuko dira bi pertsonaia maiteei beren zereginetan laguntzeaz.