Aurten ere udaleko Adikzioen Arloak, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearekin (AECC) lankidetzan, tabakoa erretzeari uzteko tailer bat jarriko du abian.
Programa, bi erakundeen arteko hitzarmen baten ondorioz sortua, otsailaren 7an abiatuko da eta erretzeari utzi nahi dioten adineko pertsonei zuzenduta egongo da.
Saioetan, parte-hartzaileek tabakoa kontsumitzeari uztea errazten duten eta abstinentzia bultzatzen duten dinamikak eta ariketak egingo dituzte, berriz erretzen hasteko gogoak murrizteaz gain. Guztira, ordu eta erdiko 6 saio emango dira asteazkenetan, 10:00etatik 11:30era.
Aurrez aurreko saioak Kultura Etxeko Arraño aretoan izango dira, otsailaren 7, 14, 21 eta 28an, eta martxoaren 6 eta 20an. Programak urtebetez parte-hartzaileen jarraipena telefonoz egitea aurreikusten du; hori dela eta, 2024ko maiatzean eta irailean, eta 2025eko otsailean jarraipena egingo da. Interesa dutenek adikzioak@laudio.eus helbidean edo 944034840 telefonoan eman dezakete izena urtarrilaren 31ra arte.