Atzo Laudioko osoko bilkuran, Udalbatzak argi berdea eman zion Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari. Hitzarmen horren arabera, alokairuko babes publikoko 85 etxebizitza eraikiko dira Goikoplaza inguruan. Unai Tejada Etxebizitzako zinegotziak osoko bilkuran adierazi zuenez, "sailak akordioa aldatu dezakeela eraikuntzaren unean".
Dena den, hitzarmena sinatu aurretik, Gobernu Taldeak, udal-teknikariak hala eskatuta, proiektuan aldaketa txiki batzuk txertatzea eskatu zion Arabako Foru Aldundiari. Era berean, Etxebiderekin lankidetzan, Laudioko errealitatea ezagutzeko azterlan bat egin zen. Eta zifrak agerian utzi zuten gaur egungo egoera: 352 pertsonak alokairu sozialeko etxebizitza bat eskatzen dute. "Proiektu interesgarria iruditzen zaigu, herriko gazteen emantzipazioa sustatzen baitu", gaineratu zuen zinegotziak.
Zinegotziak ere Eusko Jaurlaritzaren proiektuak aurreikusten dituen aparkalekuen berri eman zuen. Guztira, 85 aparkaleku-plaza egokituko dira AR-2 lurzatian (Zumalakarregi 53. zenbakiaren jarraian, gaur egun aparkalekua dagoen lekuan), 56 etxebizitza eraikitzea aurreikusten den tokia. AR-3 lurzatian (Goikoplaza 8-12 zenbakiak hartzen dituena) 29 etxebizitza eraikiko dira. Gune horretan, Udalak 200
metro karratuko lokal bat ere izango du, baina zehazteke dago oraindik haren erabilera.
“Etxebizitzek 1,2 eta 3 logela izango dituzte. Logela bakarra duten etxebizitzak 40 metro karratu izango dituzte gutxi gorabehera, 2 logela dituztenak 60 edota 70 metro karratu bitartekoak izango dira, eta 3 logela dituztenak 85 eta 93 metro karratu bitartekoak", zehaztu zuen Unai Tejadak.
E.G.S-ren mozioa onartu da
Horrez gain, EH-Bildu-Omnia Gobernu Taldeak ere onartu egin zuen E.G.S.kaurkeztutako mozioa, Galdakao-Usansolo Ospitalean arrisku txikiko erditzeak artatzeko eta pediatriako oinarrizko zerbitzuaren alde. Era berean, Ainize Gastakaren taldeak bere egin zuen Osasun Sailarekin harremanetan jartzeko konpromisoa. Gainerako alderdi politikoek, EAJk eta PSEk, aurka bozkatu zuten.