EH-Bildu-Omnia gobernu-taldeak dagoeneko 2023ko balantzea egin du, eta legegintzaldi aldaketarekin hasitako herritarren partaidetzarako prozesu berriak balioan jarri ditu, Auzoko Batzarren ziklo berria nabarmenduz. Prozesu horren ondorioz, Gardentasuneko eta Herritarren Parte-hartzerako Araudian kokatzen dena, Auzo Kontseiluak eratu dira udalerriko zortzi herriguneetan: Latiorro, Areta, Landaluze, Arraño, Gardea, Ugarte, Landa Eremua eta Erdigunea.
“Legegintzaldi honetan herritarren partaidetzarako prozesu berriak bultzatzen jarraituko dugu, Udala herritarren bidelagun izatea nahi dugu", adierazi du Ainize Gastaka alkateak.
Legegintzaldi berriak Gobernantza Feminista arloaren sorrera ekarri du, Udalaren egitura osoa hartuko duen zeharkako ardatz gisa. Eta bere jardunaren lehendabiziko oinarria Laudioko Emakume Askotarikoen Kontseilua eratzea izango da.
Horrez gain, iaz beste proiektu garrantzitsu batzuk ere hasi ziren, agintaldian zehar jarraipena izango dutenak alegia. Horren adibide Antzokia edo Abastos Plaza eraberritzeko proiektua dira, gaur egun lizitazio-prozesuan dagoena. "Proiektuan hobekuntza-proposamenak sartzeko prozesu parte-hartzaile bideratu genuen, eta, azkenik, hamar bat ekarpen jaso ditugu", azpimarratu du alkateak. Latiorro auzoak hartuko duen anbulatorio berria ere errealitate bihurtuko da datozen urteetan. Eta gobernu-taldearen erronka "zerbitzuak ahalik eta gehien zabaltzea eta ekipamendu berri horren irisgarritasuna hobetzea da, azken gertaerek agerian utzi duten bezala". Herriko haur-parkeak ere berritu dira 2023an, instalazio berriak jarriz Lamuza parkean eta Aldai plazan.
Enplegua, kooperazioa eta jaiak
2023an zehar Gobernu Taldeak bat egin du Glavistako langileek beren lanpostuak defendatzeko egin duten borrokarekin, eta kooperazioari dagokionez, Laudiok hainbat ordezkari hartu ditu Guatemala eta El Salvadorreko emakumeek bizitzen duten borrokaren egoera salatzeko eta berri emateko. Horrez gain, herri palestinarrarekiko elkartasun ekimenak bultzatu, eta Euskal Fondoak Nikaraguan garatu behar duen proiektu baterako laguntza ekonomikoa eskaini du.
Jai eredu berria 2024an landuko da ere. Aurten haurrek eta gazteek erabakiko dute zer jarduera nahi dituzten Haur eta Nerabeen Udal Kontseiluaren (OPIA) bitartez. Izan ere, ikasturte honen erronka udalerriko jaiegun desberdinetarako proposamenak lantzea izango da.
Joan den urrian onartutako ordenantza fiskal berriei dagokienez, aurten laudioarrek hobarien taula berria dute Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, non onuradun izateko errenta-muga bikoiztu den. Eskaeretarako, Udalak informazio- kanpaina bat martxan jarriko du behin zerga kitapen ostean.
"Sei hilabete baino ez dira pasa udaletxearen buru garenetik, eta asko dira oraindik jorratu beharreko gaiak, baina badakigu bidea zein den: gure bizilagunen eskutik joatea", amaitu du alkateak.