10 eta 16 urte bitarteko laudioarrek datorren astelehenetik otsailaren 23ra arte izena eman ahal izango dute Udaleko Gazteria sailak berriro diseinatu duen Udaberrilekuak programan. Aurreko urteetan bezala, erroldaturik ez dauden baina herrian ikasten duten pertsonek ere udalekuetan parte hartu ahal izango dute.
Gazteen aisialdirako ekimena, Gaztelekuaren programaren barruan kokatzen dena, martxoaren 25,26 eta 27an eta apirilaren 2,3,4 eta 5ean burutuko da, eta aste bakoitzak 10 euroko kostua izango du. Aurten diseinatutako jardueren artean parte-hartzaileek poltsa bateko diseinua egingo dute, grafitien teknikak ikasi, eskalada egin, sukaldaritza tailer bat, eta noski, txangoak ere. Izan ere, martxoaren 27an Bilboko Athletic Museoa bisitatuko dute eta apirilaren 3an Derioko Jump Yard tranpolin parkea.
Aurreko edizioetan bezala, aurten ere 40 plaza izango ditu programak. Izena eman nahi dutenek hilaren 23a baino lehen eman beharko dute Udalaren HAZ zerbitzuan edo modu telematikoan, udalaren webgunearen bitartez.