HAPOaren fase diagnostikoa amaituta, eta Hiritik-At enpresaren eskutik tokiko eragileekin lehen hausnarketa-jardunaldiak egin ondoren -20 elkarrizketa egin dira, laudioarren txanda heldu da. Datorren astelehenetik, otsailaren 19tik, 29ra arte, Laudioko Udalak, Aztiker enpresa soziologikoaren bitartez, telefono bidezko eta aurrez aurreko inkestak egingo dizkie herritarrei, udalerriko hirigintza-paisaiari buruzko iritzi orokorra jasotzeko. Inkestatzaileek Udalaren egiaztagiria eramango dute identifikagarri gisa.
Pertsonak ausaz aukeratuko dira inkesta egiteko, eta 10 minutuko iraupena izango du. "Egingo den inkesta azken urteotan Laudion egindako inkesta soziologikorik zehatzena eta sakonena izango da. Helburua laudiotarrek dituzten ikuspegiak modu zehatz batean ezagutzea da. Laudio direlako eta euren iritzia gure udalerria eraikitzeko tresnarik baliotsuena delako", adierazi du Nagore Gomara Partaidetzako zinegotziak.
Inkestak oinarri zientifiko sendoa izango du HAPOaren garapen-prozesuaren abiapuntu honetan emaitzak baliagarriak izan daitezen. Guztira, 390 inkesta egingo
dira gutxienez, eta lagina kontrolatuko da sexuaren eta adinaren araberako kuoten bidez. Horri esker, tokiko datu adierazgarriak lortuko dira, hau da, ikuspegi estatistiko batetik, inkestaren laginak Laudioko biztanleria osoa islatuko du. Horrez gain, prozesuaren amaieran, eta modu osagarrian, inkesta telematikoak egingo dira laginak behar bezala egiteko.
Inkesta anonimoa izango da, eta galderek HAPOaren partaidetzaren lehen fasean egindako elkarrizketa kualitatiboetatik ateratako gaiekin osatu da: etxebizitza, irisgarritasuna, espazio eta ekipamendu publikoak, kultura eta ondarea, ekonomia eta enplegua, eta energia berriztagarriak. Parte hartzeko lehen fase hori amaitutakoan, estatistikoki bildutako datuak jakinaraziko dira.
"Horregatik guztiagatik, gure herritarrei dei egiten diegu parte-hartzera telefono dei bat, bisita bat edo inkestagileen gonbidapen bat jasotzen badute, beren iritzia guztion interesean jarriz", esan du zinegotziak.