Hilaren 24an, 11:30ean, Laudiok Palestinako biktimei omenaldia egingo die Herriko Plazan, Laudio Palestina Elkartasun Taldeak deituta. 13:00ak arte, Herriko Plaza zapataz beteko da; Palestina osoan, baina bereziki Gazako lurraldean, Israelgo estatua egiten ari den genozidioa gogoratzeko.
Ekitaldi honetan parte hartu nahi dutenek, oinetakoak eraman ahal izango dituzte egun berean edo Udaletxean kokatutako edukiontzian utzi otsailaren 19tik 23ra bitartean, 08:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, eta ikastetxeetan jarriko direnetan.
Gainera, zapatak kokatzen diren bitartean, poesia errezitatzeko, sarraskia salatzeko testuak irakurtzeko edo Palestinako herriaren alde adierazteko aukera egongo da, edozein diziplina artistiko baliatuta.
Ekimenaren ostean, 13:00etan, oinetako guztiak jasoko dira eta biktimak oroitzeko monolito bat eraikiko da Lamuza plazan; herritar guztiek erreferentzia leku bat izan dezaten palestinar herriari elkartasuna adierazteko.