Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Laudiok hainbat emakume belaunaldi ezberdinak historian zehar egindako ekarpenak aldarrikatu eta balioetsiko ditu tokiko eragileek, Udaleko Gobernantza Feministako zerbitzuarekin lankidetzan, diseinatutako programa zabal batekin.
Genealogia feminista ikusaraziko duten estrategiak eta mekanismoak sustatzea helburu duen programa honek topagune eta elkarrizketarako guneak indartuko ditu ostiral honetan, martxoaren 1ean, Estibaliz Urresola zinegile laudioarraren zine forum-solasaldiarekin. Saioan zehar, "Cuerdas" film laburra ikusiko da eta ondoren, zuzendaria, ZINHEZBA Kultur Elkarteko Giza Eskubideetan eta Zineman aditua den Helena Gonzálezekin solasean arituko da. Ekimena 18:30etan izango da Kasinoan.
Astelehenean, hilak 4, mahai-inguru bat izango da Altzarrate Kirol Elkartearen eskutik, "Emakumezkoen futbolaren iragana, oraina eta etorkizuna" jorratzeko.
Bertan izango dira Ainhoa Tirapu, Athleticeko eta Espainiako jokalari ohia, Naia Landaluce, Athleticeko egungo jokalaria, Irune Egiguren, Arratia 3 erregionaleko futbol entrenatzaile eta jokalaria, eta klubeko jokalari batzuk. Ekitaldia 18:00etan hasiko da Kasinoan eta bi orduz luzatuko da.
Martxoaren 7an, ostegunean, herritarrek Ane Labaka, Oihana Iguaran, Jone Uria eta Alaia Martin bertsolariez gozatu ahal izango dute Kasinoan, 19:00etan. Gaiak Uxue Díaz de Ceirok jarriko ditu.
Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Egunean, Udalbatzako hainbat ordezkarik M8aren irakurketa instituzionala egingo dute, 12:00etan, eta ordubete geroago ikastetxeetako ikasleek mosaiko bat osatuko dute "etorkizun morea" eraikitzeko.
Arratsaldean, 18:30ean, Solastiar, Avillo, Jakaranda eta Etawasol emakumeen elkarteek deitutako elkarretaratzea izango da. Eta Laudioko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa 19:30ean izango da. Jarduerek hurrengo egunean jarraituko dute, martxoaren 9an, zinemarekin.
19:00etan, Paul B. Preciado trans filosofo eta aktibistak zuzendutako "Orlando, mi biografía política" dokumentala proiektatuko da La Milagrosako Ikastetxean. Eta martxoaren 13an, asteazkenean, Ivanka antzezlana iritsiko da Kasinora, herrira iristen den etorkin pobre baten istorioa kontatzeko. Saioa 19:00etan hasiko da.
Programa hilaren 16an jarraituko du Bi Hotsak abesbatzaren kontzertuarekin Lamuza kiroldegian (20:30ean); eta 17an, Altzarrate eta Kaskagorri futbol klubek antolatutakok Berdintasunaren Aldeko Eskualde Neurtuaren V. Martxarekin. Jarduerak hilaren 20an eta 21ean amaituko dira, Isabel Urkijo Azkarate zuzendariak Laudioko adineko emakumeei iaz egindako dokumentalari buruzko zine-forumarekin (18:30ean) eta Solastiar herriko taldearen "El Triunfo" antzezlanaren estreinaldiarekin (19:00etan), hurrenez hurren. Bi ekitaldiak Kasinoan egingo dira.