Gaur goizean Aiarako alkatea, Pruden Otegi, Artziniegako alkatea, Joseba Vivanco, eta Arrankudiaga-Zolloko alkatea, Txutxi Ariznabarreta, joan den astean Laudioko Udalak deitutako bilerara joan dira eskualdean EAGko mediku faltaren inguruan dagoen kezkaz aritzeko.
Bilera Laudioko udaletxean izan da, 13:00etan, eta Laudioko alkateak, Ainize Gastakak, joan den otsailaren 15ean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduirekin izandako bileraren ondorioak azaldu ditu; Laudioko eta Amurrioko EAGko langileekin izandako harreman zuzenen berri eman du, eta jarduera esparru partekatu eta adostu baten bidez erantzun instituzionalak aktibatzeko asmoa indartu du, betiere erakunde bakoitzaren eskumenak errespetatuz. Ildo horretan, Aiara, Artziniega eta Arrankudiaga-Zolloko alkateak bat etorri dira laudioar errejidorearekin aldarrikatuz asistentzia medikoa alderdien interesen gainetik dagoela, Administrazio osoari dagokion interes publikoko gaia izanik.
Bileran zehar, Laudioko alkateak eta gainerako alkateek lehentasunezkotzat jo dute administrazioen arteko koordinazio- eta lankidetza-sareak sustatzea, udal- eremutik informazioa trukatzeko eta ekimen bateratuak garatzeko.
Horrez gain, Laudioko alkateak beste bilera bat izango du datozen asteetan Arabako eta Bizkaiko Medikuen Elkargoarekin, auzotarren kezka medikuntzako profesionalei helarazteko.
Foro ezberdinetan egoera kontrastatu ondoren, Udalak bere ondorioak helaraziko dizkie herritarrei, ekimen berriak aktibatzeko.