Laudioko Udalak abiadura radar ibiltari bat aktibatuko du ekainean, herriko trafikoa baretzeko neurri gisa. Ekipamendua Oboid S.L. enpresari esleitu zitzaion otsailean, eta 4 urtez arduratuko da abiadura-kontrolaren mantentze-lanez. Abiadura radarra Virgen del Carmen eta Goienuri kaleetan dauden bi kontrol puntuen eta Udaltzaingoa oraindik aztertzen ari den beste bi punturen artean txandakatuko da.
Horrez gain, sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak egingo dira. Radar ibiltaria aktibatu aurretik, maiatzean eta ekainean, kontzientziazio kanpaina bat martxan jarriko da gidariei zuzenduta herri osoan ezarritako gehieneko abiadura errespetatzearen garrantzia lantzeko.
Udako oporretatik bueltan, eta irailaren 22an ospatzen den Autorik Gabeko Munduko Eguna aprobetxatuz, Udala familiei zuzenduko zaie ikastetxeen inguruko trafikoari buruzko sentsibilizazio-kanpaina batekin; eta ikasleentzako bide-hezkuntzako saioekin osatuko da.