Gaur goizean, Laudioko Haur eta Nerabeen Udal Kontseilua (HBPO) osatzen duten 27 gazteak, udalerriko hiru ikastetxetatik (Laudio Ikastola, La Milagrosa eta
Institutua) datozenak, udaletxera hurbildu dira ikasturtean zehar herriko jai-eredu berrirako landu dituzten proposamenak aurkeztera.
Saioa ikasleek egindako rap abesti batekin hasi da, beren proposamenen laburpen gisa. Izan ere, musika alorrean, erromerien eta DJ saioen aldeko apustua egiteaz gain, Zetak, Su Ta Gar, Bulego, Dinamita eta Ezkibel taldeak nabarmendu dituzte beste batzuen artean. Eskaerak jaso ondoren, Sonia Respaldiza jaietako zinegotziak jai-egitarauko gazteei zuzendutako jarduera batzuk aletu ditu, kontseiluak proposatutakoak alegia. Nolanahi ere, Laudioko gazteek Zetak eta Tremenda Jauria taldeen kontzertuez gozatu ahal izango dute jai hauetan.
Jorratutako beste gai bat kontzertuen eta barraken kokapena izan da. "Aurten kontzertuak Herriko Plazan, Alberto Acero, Aldai eta Zumalakarregin izango dira. Eta barrakak iazko espazio berean mantenduko ditugu", aurreratu du zinegotziak.
Azkenik, txupinazoaren egunean balkoira igotzea proposatu dute gazteek, OPIAko lantaldearen ordezkari gisa, eta Udalak barraketarako tiketen zozketa bat bultzatzea ere.