Igandean dozenaka laudioar bildu ziren Herriko Plazan Roketxu sutan urtu eta 2024ko Sanrokeei agur esateko. Bederatzi eguneko jaien ostean, non giro paregabea nagusitu den eta errespetutik eta bizikidetzatik gozatzeko gogoa nabarmendu den, udal Gobernu Taldeak lehen balantze positiboa egin du. Jai egunetan ez da liskar, gorabehera, eraso edo bestelako gertakari aipagarririk gertatu, eta larrialdi-telefonoetan ez da salaketa-deirik jaso. Era berean, Udaltzaingoak ere ez du gertaera larririk jaso".
Gure jaiek utz zezaketen daturik onena da, eta hori guztia laudioarren eta bisitarien portaera arrakastatsuari egozten zaio. Errespetuan oinarritutako jai osasuntsuak bizi izan ditugu. "Jaietako geldialdi bakarra SOS Aiaraldeak deitutako elkarretaratzea izan zen, osasun-arreta nahikoa jaso ez zuen bizilagun baten heriotza salatzeko", nabarmendu du Sonia Respaldiza Jaietako zinegotziak.
Kuadrillekin eta herriko jai-eragileekin diseinatutako programak 160 ekitaldi baino gehiago izan ditu eta ehunka pertsona bildu izan ditu egunero, parte-hartze handiarekin.
Jaien edizio berri honetan, programatutako ekitaldi guztien artean, kontzertuak jaietako plater nagusi gisa finkatu egin dira, eta El Drogas, Boney M eta Zetak taldeen emanaldiak Zumalakarregi etorbidean kokatzea "oso erabaki egokia" suertatu da. Kaleko antzerkiek eta ikuskizunek, haurrentzako parkeek, gastronomia-lehiaketek, kalejirek eta herri-bazkariek ere parte-hartze handia piztu dute jai guztietan zehar, laudioarren artean dagoen kultura-interesa eta zaletasuna agerian utziz.
"Diseinatutako jarduerek Laudioko artistekin gozatzeko aukera eman die herrira gerturatu diren pertsona askori. Nerabeentzat ere hainbat jarduera diseinatu dira eta guztiek arrakasta handia izan dute, pintxo lehiaketa kasu. Horrez guztiaz gain, programak Laudioko gizarte-ehunaren partaidetza zabala izan du, eta eskertzekoa da benetan, besteak beste, udal-langileen, garbiketako langileen eta tokiko ostalaritzako langileen lana, hauek gabe ezinezkoa izango litzatekeelako gure programa normaltasun osoz garatzea. Aipatzekoa da ere txupinerek eta pregoilariek jaietan egindako lana eta ekitaldi ezberdinetan izandako presentzia ere. Pertsona horien guztien laguntza, lana eta esfortzurik gabe jaiak ez lirateke gauza bera izango, haiek baitira gure kaleak biziz eta kolorez betetzen dituztenak", goraipatu du zinegotziak.
Erasorik gabeko jaiak
Segurtasun publikoaren arloan, Sanrokeen edizio berri honetan ez da gertaera larririk gertatu, baina bai bizilagun baten heriotza, Laudioko ZIU mugikorrean medikurik ez zegoelako.
"Egoera jasanezin baten aurrean gaude. Beste behin ere, pertsonen bizitzak arriskuan jartzen dituzten politiken ondorioei aurre egitea egokitu zaigu Laudion", gogorarazi du Ainize Gastaka alkateak.
Eraso matxisten kasuan, Gobernantza Feministako Zerbitzu Unitateak 24 orduko telefono bat aktibatu zuen jaien hasieran indarkeria matxistaren aurka, eta modu koordinatuan lan egin du Laudioko Mugimendu Feministarekin "prebentzio- eta salaketa-lanean sakontzeko, eta indarkeria matxista desagerrarazteko", adierazi du Nagore Gomara zerbitzuko zinegotziak.
Gobernu-taldea, bere aldetik, lanean ari da jada 2025eko programan, eta programa hori garatzeko ardatz gisa herritarren parte-hartzea izango du berriro ere. "Parte-hartze prozesuak bultzatuko ditugu berriro, eta jarduera gehiago bermatuko ditugu nerabe eta gazteentzat", aurreratu du Jaietako zinegotziak.
Euskararen semaforoa
Era berean, gobernu-taldeak adierazi nahi izan du euskararen semaforoa sartzeak jaietan euskararen presentzia eta erabilera bistaratzeko ariketa bat ekarri duela, jai-egitarauan hizkuntzaren presentzia lehenesten duten ekitaldiak sustatzeko tresna eraginkorra bihurtuz.