Astelehenean, irailaren 9an, 18:30ean, laudioarrek hitzordua izango dute Kasinoan Lamuza parkea kultura sortzaileen gune bilakatuko duen parte-hartze prozesuarekin jarraitzeko. Saioan orain arte egindako diagnostikoa partekatuko da, bai eta Kultura Beharren Erroldan jasotako emaitzak eta ondorioak ere; tokiko kultura-praktika desberdinetatik datozen 80 eragileen premiak adierazten. Horrez gain, dauden udal eraikinak eta Laudioko ekosistema kulturala elkarrekin diseinatzen jarraitzeko proposatutako erabilera plana ere mahai gainean jarriko da.
Informazio-saio hori osatzeko, bi tailer parte-hartzaile egingo dira irailaren 12an eta 18an. Hilaren 12ko tailerrean, programaren proposamenen gainean eta udal eraikinen epe laburreko erabileren planari buruz lan egingo da; espazioak, sarbideak, barnealdearen eta kanpoaldearen arteko loturak, eta eragileen arteko harremanak espazio partekatuetan aztertuz. Hilaren 18ko tailerra epe ertain-luzean zentratuko da eta Laudiok behar duenari buruz eztabaidatzeko balio izango du, Lamuzako Parkea modu orokorragoan ulertuz.
Nolanahi ere, Laudioko kultura-sareak webgunean (www.kulturabeharrak.laudio.eus) erroldatzen jarraitu ahal izango du irailaren amaierara arte. Nahi dutenek kulturabeharrak@laudio.eus helbide elektronikora idatzi edo 665 707 773 telefonora deituz ere jar daitezke harremanetan.
Auzo-jatorriko ekimena
Laudiok dituen oinarrizko kultura guneak eraiki eta birgaitu nahi dituen plan integral hau Arabako Foru Aldundiaren Aurrekontu Parte-hartzaileetan 1.500 laudioar baino gehiagoren sinadurekin bermatu zen 2022an. Eta planaren lehen fasea auzokideekin partekatu zen uztailaren hasieran proiektuaren ikuspegi zehatz bat emateko, jada hartutako urratsak eta eraldaketa prozesuan izango diren mugarriak azpimarratuz. Horrela, eta Laudioko ekosistema kulturalaren beharrak aztertzen dituen hausnarketa eta entzute prozesu honen bidez, Kultura Beharren Errolda abiarazi zen, herritarren eta tokiko eragile kulturalen ikuspegia barne hartzen duena.
Prozesua osatzeko, Oñatiko "Eltzia" kultura zentro sortzailearen esperientzia partekatu zen, diziplina artistiko ezberdinen bidez bultzatzen dituzten jarduera eta ekimenak aurkezteko, bai eta “Kulturaz” kooperatiba azpeiztiarrak herriko espazioak kudeatzen duen modua ere. Gainera, parkean eta inguruetan zehar ibilbide bat egin zen erredakzio-taldeko arkitektoekin batera, proposamen berriak ezagutzeko.
Hurrengo saioa astelehean izango da, hilaren 9an, eta orain arte egindako diagnostikoa partekatzeko balioko du.