Joan den urriaren 29an Valentziako Erkidegoko hainbat udalerritan DANAk eragindako suntsiketa dela eta, Laudioko Udalak FVMPak (Valentziako Udal eta Probintzien Federazioa) eta Eudelek ezarritako ildoei jarraituko die. Gauzak horrela, dagoeneko Udalak 100 ur-bota pare bidaliko ditu kaltetutako guneetara, Eudelen eskakizuna betez. "1983ko uholdeetan Laudio izan zen kalte gehien jasan zituen herrietako bat, baina esperientzia negargarri horrek lan ona eta elkartasuna piztu zituen. Laguntza iritsi zen eta orain, Laudiok, berea eskainiko du, Valentziak epe luzerako laguntza beharko duelako, modu ordenatuan", azaldu du Ainize Gastaka alkateak.
Horregatik guztiagatik, Udalak dei egiten die herritarrei egoeraren eta unean uneko premien berri informatu daitezen, libreki jarduteak eta kaltetutako eremura joateak larrialdietan eta ekintza humanitarioan espezializatutako erakundeen lana oztopatu dezakeelako. Zentzu horretan, gogorarazten da boluntariotzaren
koordinazioa Valentziako Gobernuak martxan jarritako SOM SOLIDARITAT plataformaren bidez egiten ari dela. Ekarpen ekonomikoak bestelako erakunde ugariren bitartez egin daitezke, eta horietako askok Laudion dute egoitza.
"Udaletik, laguntza guztia FVMPren eta Eudelen bidez kudeatuko da, eta gure kanalen bidez zabalduko ditugu aipatutako erakundeek ezarritako jarraibideekin
bat datozen ekimen guztiak", zehaztu du alkateak.