Azaroaren 16an Laudiok Emakume* Abertzaleon X.Topaketa Feminista hartuko du, bi urtean behin Euskal Herriko Bilgune Feministak antolatzen duen ekimena.
Aurtengo topaketak “trantsizio feminista dimentsio guztietan” aztertuko ditu, hainbat ekintzen bitartez. “Aukera paregabea da, modu kolektiboan, amesten eta lortu nahi dugun Euskal Herri feministarako bidean aurrera pausuak emateko. Gogotsu hartzen dugu nazio mailako erronka hau gure herrian ospatzea”, adierazi du Nagore Gomara, Gobernantza Feministako Zinegotziak.
Parte hartu nahi dutenek izena eman ahal izango dute azaroaren 9a arte. 10:00etan, egun osoko egitarauari hasiera emango zaio kiroldegian, eta 10:30etan, kapitalismoaren bukaerari buruzko solasaldi bat egongo da Jule Goikoetxea, Txefi Roco, Mirene Begiristain eta Amaia Perez Orozcoren eskutik.
Ondoren, etorkizun desiragarrietan hausnartzeko ekintza performatibo batean parte hartzeko aukera zabalduko da, eta lehenengo txanpa honi bukaera emateko, 14:00etan, Laudioko institutoan bazkaria egongo da. Jarraian, parte hartzaileak lan taldeka banatuko dira trantsizio feministarako utopiak lantzeko.
Azkenik, 20:00etan, ekitaldi politikoa izango da Herriko plazan, eta 22:30etan kontzertuak Berba Labanakaz, DJ Azkura eta DJ Latxirongarekin.