Udaleko gardentasuna bermatze aldera, Laudioko Gobernu Taldeak 2024ko Sanrokeen balantze berria egin du eta gaur arratsaldean egingo den bilera irekian laudioarrekin jaien aurrekontu orokorra partekatuko du, 596.114,08 eurokoa. Saioa 18:30ean izango da Herriko Plazako gela anitzan.
Aurtengo jaiak anitzak, parte-hartzaileak eta feministak izate aldera, 160 ekitaldi baino gehiago antolatu dira Kuadrilla eta herriko jai-eragileekin elkarlanean.
Gainera, diseinatutako jarduerek Laudioko artistekin gozatzeko aukera eman die herrira gerturatu diren pertsona askori baita herritarrei ere. Izan ere, aurtengo Sanrokeetan Udalak 20.000 euro baino gehiago bideratu ditu tokiko sortzaileei leku bat eskaintze aldera. Eta herriko Kuadrillek eta eragileek euren ekintzak antolatu ahal izateko 80.000 euro baino gehiago erreserbatu ziren.
“Guztiei esker eguneroko giroa mantentzea eta jendea berotzea lortu dugu. Oso jai partehartzaileak izan dira aurtengoak, eta oso lagungarria izan da geure herritarrek erakutsitako prestutasuna eta aldez aurretiko jarrera ona. Zentzu horretan, goraipatzekoa da oso adibidez parkean antolatutako pase beldurgarrian parte hartutako bizilagun bolondresak”, azaldu du Sonia Respaldiza, Jaietako Zinegotziak.
Nerabeentzat ere hainbat jarduera diseinatu dira OPIAko kontseiluak ala eskatuta, DJen kontzertuak eta pintxo lehiaketa kasu. Haurrentzat ere ekintza oparoak eskaini ziren herriko leku ezberdinetan. “2023ko egitarauarekin alderatuta, foko aldaketa egon da ekintzen antolamenduan, eta programak Laudioko gizarte-ehunaren partaidetza zabala izan du, jaietako lan taldean diharduten pertsonek elikatuta”, goraipatu du zinegotziak.
Bestalde, eta ostalaritzako negozioekin adostu ondoren, aurtengo kontzertuak herriko erdiguneko toki ezberdinetan kokatu izan dira, jende gehiago erakarriz. “Aurten asmatu dugu kontzertuen kokapenarekin, eta ordutegiarekin ere. Nahiz eta ekintza batzuk ordu berean antolatu izan diren, geure helburua aniztasun kulturala bermatzea izan da, eta lortu dugu”, amaitu du Respaldizak.
Sanroke 2025eko programa martxan dago jada eta, berriz ere, herritarren parte-hartzea izango du ardatz gisa.