Landa-eremuen karakterizazioa egitearen garrantziaz jakitun delarik, Laudioko Udalak udalerriko 14 Landa Erakunde izendatzea onartu du gaurko ezohiko osoko bilkuran. Landa-zonakatzea, Landa Ingurunearen Garapenerako 7/2022 legean jasotzen dena, Laudion Euskadiko landa eremuei eragiten dieten politika eta laguntza programak diseinatu eta aplikatzea ahalbidetuko du.
"Erakunde guzti hauen ofizializazioak laguntza berriak jasotzeko aukera emateaz gain, inbertitzaile gehiago erakarriko ditu, bertan bizi eta lan egiten dutenen enplegua, iraunkortasuna eta bizi-kalitatea indartuz. Laudioko landa-eremuarentzat eta haren ingurunearentzat etorkizun oparoagoa lortzeko urrats erabakigarria da hau lehen sektorearen aldeko apustuan", adierazi du Ludi Temiño Lehen Sektoreko zinegotziak.
Gauzak horrela, eta BOTHAn argitaratu eta hilabeteko epean aurkeztutako alegazioak eta iradokizunak jaso ostean; Beldui-Zumeltza-Olako, Dubiriz, Gardea, Goienuri, Isusi, Izardui-Altui-Odiaga, Arraño-Luxa, Larrazabal, Markuartu, Olarte, Saltarriaga-Launtxu, San Bartolomé-Asudui-Larrea, Lusurbeilanda-Oleta, eta Torrejón-Txirrieta Etxeoru, Landa Erakunde izendatuko dira. Izendapena bi aldagai nagusiren arabera egin da: bizi-kalitatea eta ongizatea, eta jarduera ekonomikoaren eta dibertsifikatzearen sustapena. Izan ere, Landa Erakunde bakoitzaren izendapenerako Udal Hizkuntzen Politiken Zerbitzu Unitateak emandako hizkuntza-irizpideak aplikatu dira.
Karakterizazio-lan hori, Eusko Jaurlaritzako HAZI entitateak egin du ADRen Federazioarekin eta aldundiekin koordinatuta, aurreko landa-garapeneko planetan aintzat hartutako udal-proposamenetan oinarrituta.
Konpromisua lehen sektorearekiko
2022an Zaia Landa Garapena elkarteak landa-eremuen karakterizazioa egitearen garrantzia mahai gainean jarri zuen 2023-2027 aldirako landa-garapeneko planak Laudioren Landa Erakundeak barne hartzeko helburuarekin. Urrats hau ematea funtsezkoa baita EAEko landa-eremuen ezaugarriak eta premiak identifikatzeko.
Hala ere, laguntza horiek eraginkorrak izan daitezen, ezinbestekoa da erakunde horiek ofizialki eratzea INEren eta EUSTATen erregistroetan.
“Prozesu hau lehen sektorearekiko dugun konpromisoaren isla da. Lehen sektorea garatzeko beharrezkoak diren tresnak eskaintzeko lan egiten jarraituko dugu.
Horren adibide Bedarbiderekin sinatutako hitzarmena eta baserritar elkarteei bideratutako laguntza ekonomiko eta teknikoa ditugu”, amaitu du zinegotziak.