Gaztelekuko lokalaren itxura, Lamuza 19an kokatzen dena, laster aldatuko da, Udalak espazioa birmoldatzeko lehen fasearen lizitazioa atera duelako 202.520,85 euroko aurrekontuarekin. Diseinu berriak, Silvina Morales barne-diseinatzaile eta Patxi Pagazaurtundua arkitekto laudioarrak egina, Haur eta Nerabeen Udal Kontseiluak (OPIA) joan den ikasturtean egindako proposamenak bilduko ditu.
Kontseilu hori udalerriko hiru ikastetxetako (Laudio Ikastola, La Milagrosa eta Institutua) ikasleek osatzen dute, eta lehen neurri gisa espazioari "Gazteluberri" izendatzea proposatu dute, iaz burututako herri-kontsultaren emaitza betez.
"Gazteentzako espazio berriak gure haurren eta nerabeen eskaerak bete behar ditu, haiek izango dira espazio honen erabiltzaile", aurreratu du Aitor Fernández de Pinedo Gazteria zinegotziak. Zentzu horretan, eta gazteen eskakizun bat betez, jarduerak adinaren arabera bereiztuko dira lokala hiru eremutan banatuz: 10-13 urteko gazteentzako gune batekin, 14-16 urteko gazteentzako beste batekin eta guztientzako beste hirugarren espazio batekin.
Lehenengo fase honetan, 10-13 urteko gazteentzako gunea eta guztientzako izango den espazioa egingo dira, eta horrez gain, lokala akustikoki isolatuko da, leihoak aldatuko dira eta iturgintzako instalazioa berrituko da. Lanak gehienez 6 hilabete luzatuko dira.
Patio inklusiboak eta beste komun bat rokodromoan
Bestalde, ikastetxe publikoak hobetzeko planaren barruan, Laudioko Udalak 100.000 euro inbertituko ditu Lamuza, Latiorro eta Aretako ikastetxeetako jolastokiak berritzen, betiere inklusibotasunaren irizpideari jarraituz. Lamuzan adibidez, iaz egindako jolas inklusiboen gunea osatzeko, hariz eta sarez osatutako egitura eskalagarri bat instalatuko da, 10-20 umeei zerbitzua emateko.
Latiorro ikastetxean berriz, eta instalazioak dituen jolasak berritzeko beharra ikusita, haurrentzako espazio ireki, interaktibo eta ez-esklusibo bat planteatzen da, sozializazioa eta diskriminaziorik eza bultzatze aldera. Irizpide horiei jarraituz, Udalak honako jolas hauek jarriko ditu zentroan: eskalatzeko soka bat, zurezko mailak, piramide bat txirrista batekin, sokazko zubi eseki bat, enborrez esekitako zubi bat, diametro desberdinetako kautxuzko esfera erdiak, oreka-enborren ibilbide bat, eta harezko kutxa bat erlaxatzeko espazio gisa. Azken joko hau Areta Herri Eskolan jarriko da ere.
Horrez gain, rokodromoan, Latiorroko frontoian kokatua, komunak eta aldagelak jarriko dira.