Laudio Udaleko Gobernu Taldeak 2024 urteko balantzea eskaini berri du, legealdiaren erdia mugarri izango duen urte berria hastearekin batera. “Parte
hartzea eta etorkizuneko begirada Udalaren egunerokoan errotzea izan dira gure jardunaren ardatzak 2024an”, zehaztu du Ainize Gastaka alkateak. Egoera zehatzei erreparatuta, Gobernu Taldearen beraren osaketa aldatu izana azpimarratu beharra dago urteko balantzean. Omnia taldeak gobernu taldea uztean, ardura berrantolaketari ekin behar izan dio EH Bildu udal taldeak, aldi berean bere partaideen artean ere txandakatzeak gertatu direlarik.
Parte hartzea
Udalaren egunerokoan herritarren parte hartzea errotzeko ekimenei dagokienez, 2024 urteko aurrekontuen izaera kolaboratiboaren garapenean lortutako emaitzak azpimarratu ditu Gobernu Taldeak, gainerako udal taldeekin akordioak garatuz, auzo batzar zein kontseiluetan agertutako proposamenak txertatuz eta udal
zerbitzuek moldatutako irizpideak ere aintzat hartuz.
Zentzu berean, herritarren parte hartzea bideratzeko araudiaren garapenean hainbat mugarri jaso da urtean zehar: lehenbiziko aldiz tokiko batzar eta kontseilua, emakume anitzen kontseilua eta auzo batzarren jarraipenerako batzordea, besteak beste, ospatu dira.
Etorkizuneko ikusmira
Udal jarduna etorkizuneko ikusmiraz janztea izan da parte hartzearekin batera urtean zehar landutako ardatza. Horren erakusle da, besteak beste, Lamuza parkerako plan berezia sortzeko garatutako dinamika parte hartzailea. Herri ekimenari esker landu den kultura beharren azterketa eta planifikazioa, Laudioren etorkizuna garapenerako eta ongizaterako aukera berriz hornitzeko aukera bilakatu da. Berton, herriko eragileen inplikazioa eta aktibazioa ahalbidetzeko ariketatik haratago, epe labur zein luzera begirako egitasmoak irudikatu eta garatzeko dinamika berriak ere aktibatu dira.
“Datozen hilabete zein urteetan Laudiok izango dituen egitasmo berrietarako ipar bilakatu nahi dugu ikusmira berritzaile eta parte hartzailea”, adierazi du alkateak.
Ardatz bi horiek Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren garapen prozesuan txertatzea izan da Gobernu Taldearen beste egitasmoetako bat. Urte hasieran aurkeztutako inkestaren emaitzak eta ekarpenen bilketarako garatutako metodologiaren emaitzak ikusgai izango dira datozen hilabeteetan aurkeztu behar den zirriborroaren erakustaldi publikorako jorratuko diren dinamikatan.
Fiskalitatea, feminismoa eta beste hainbat alorretan ere aurrerapausoak
Fiskalitateari dagokionez, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan abian jarritako hobari berriek 1.600 bizilagunen erreziboetan izan dute isla, errenta baxuen dutenen aldeko neurri eraginkorra bilakatu delarik. Ogasun alorreko bestelako neurriak ere, hutsik dauden etxebizitzen gaineko errekarguak kasu, baldintza
okerrenetan daudenen egoera hobetzeko erraminta bilakatu dira.
Politika feministen aldeko apustu sendo bat egin du Gobernu Taldeak, beraien zeharkako izaera aitortzearekin batera, Udalaren jarduera guztietan txertatzeko bidea lehenetsi da. Horrez gain, Lezeaga aretoa dinamizatzeko proposamen berriak sortu dira, jardunaldi feministak antolatuz edota Laia Laudiorentzat egitarau oparo bat osatuz. Euskara arloan ere, euskara ikasteko dohakotasunaren aldeko urratsak eman dira euskara beken oinarri berriekin.
Bestalde, 2024 urte amaierarako Next Generation funtsen bidez herrian bideratzen ari diren proiektuen %60 gauzatuta egotea bermatu da, besteak beste, Udal Merkatu berriaren eraikuntza zein herriko merkataritza sustatzeko gainerako ekimenak. Horrez gain, tokiko abeltzainek eta harakinek beraien jardueran lagunduko dien baliabide berria dute Bedarbide elkartearekin izenpetutako hitzarmenari esker.
2024an abiatuta, 2025ean zehar garapen maila zehatzagoa izango dituzten hainbat egitasmo daude ere. Udaltzaingoari dagokionez, Herritarren Segurtasunerako arduradun berriaren izendapenak bide emango dio gertuko polizia eredua jorratzeko egitasmoari. Nagusien alorrean berriz, adinekoen jantokia sortzeko bidean burututako inkestaren emaitzak behin aztertuta, proiektua garatzeko fasea zabalduko du Udalak, eta pertsona nagusien parte hartzerako foro
berriak, Laudio Lagunkoia kasu, jorratzen hasteko ahaleginak ere jarriko ditu abian.
Jai ereduari dagokionez, hainbat berrikuntza txertatu dira jai batzorde irekiaren egitasmoetan, 2025eko programan jasoko direnak, musika programazioa zehazteko prozesu parte hartzailea, besteak beste.