Joan den urtean Laudiok 568 bisitari jaso zituen Topa!Laudio turismo bulegoan. Nahiz eta gehiengoak Euskal Autonomia Erkidegotik etorri ziren, Laudiok interesa piztu zuen estatu mailan eta atzerrian ere. “Laudio mapan kokatzea lortu dugu.
Europatik etorritako turistak, besteak beste, Belgikatik, Erresuma Batutik, Frantziatik, Herbehereetatik edo Italia zetozen, aipatzekoa da ere Marokotik izandako bisita kopurua. Estatu mailan, bisitari gehienak Valentzia, Madril eta Andaluziatik zetozen. Datu pozgarriak dira, zalantzarik gabe”, adierazi du Laudio Haziko zinegotziak Iñigo Martínez.
Adin-tartearen arabera, turista gehienak 46 eta 65 urte bitartean kokatzen ziren (%42); eta jarraian 65 urtetik gorakoak (%17,9) eta 36 eta 45 urte bitartekoak (%17,9). Pertsona gazteenak, 16 eta 25 urte bitartekoak hain zuzen ere, izan dira dudarik gabe Laudio gutxien bisitatu dutenak (%3,5). Bestalde, sexuari erreparatuz, turista gehienak emakumezkoak izan dira (%52,2); eta bisitari gehien izan diren hilabeteak martxoa, ekaina, abuztua, azaroa eta abendua izan dira.
“Gehien eskatutako informazioa Arabako helmugei buruzko liburuxkak izan dira. Laudioko Basabideei buruzko argitalpenek ere harrera ona izan dute”, zehaztu du zinegotziak.
Ondarea, kultura eta natura-ibilbideak
Laudiok eskaintzen dituen ekintzatatik, ondarea ezagutzeko ekimenak arrakastatsuenak izan dira, eta ondoren natura-ibilbideak inguruko mendietatik eta kultura ekitaldiak.