Ostiral honetako 10:45etik aurrera, Laudio herriko ikastetxeetako ikasleen kalejirekin motorrak berotzen hasiko da, aratusteetan bete-betean murgiltzeko. Arastusteek, nola ez, Lezeagako Sorgina izango dute protagonista. Aurtengo egitarauaren lehen jarduera, herriko eragileek Udaleko Jai Sailarekin elkarlanean diseinatua, Lamuza Eskola izango da buru bere kalejirarekin herriko kaleak barre, kolore eta umorez tindatzeko. Ondoren, Areta Herri Eskola eta arratsaldean Latiorro Ikastetxea eta Laudio Ikastola.
"Zalantzarik gabe, Laudioko kaleak musikaz, kolorez, irudimenez, umorez, ironiaz eta kritika sozialez beteko dira. Espero dut herritarrek jardueraz gozatzea", nabarmendu du Sonia Respaldiza Jaietako zinegotziak.
Haurrentzako tailerrak, aratusteetako desfilea eta musika
Hurrengo egunean, martxoaren 1ean, Kirikino Atseden Taldeak haurrentzako antolatu dituen tailerrekin (11:00) abiatuko dira jarduerak Herriko plazan.
Eguerdian, 13:00etan hain zuzen ere, Suziri Jai Koordinakundeak trikipoteoa hasiko du Alberto Acero plazan eta 14:30ean herri bazkaria eskainiko du. Tiketak "El lio" tabernan egongo dira salgai, eta 450 izango dira guztira, agortu arte.
Arratsaldean, desfilearen aurretik, 17:30ean, Zutik Elektrotxarangak Ugarteko plaza alaituko du. Ordubete geroago, desfilearen unea iritsiko da, hori bai, aurtengo gaiarekin bat etorriz: marrazki bizidunak. Laudioko herriarekin urtero egiten duen hitzorduan, jakina, Lezeagako Sorgina izango da, Lamuzatik Herriko Plazaraino desfilea egingo duena.
Musika ere izango da protagonista larunbatean DJ Blessive eta Akerbeltz erromeriarekin Aldai plazan, 22:00etan eta 23:30ean, hurrenez hurren. Aratusteetako asteartean, martxoaren 4an, jarduerak batez ere Laudioko haurrei zuzenduta egongo dira, haurrentzako parkea eta ikuskizunak egongo baitira haientzat 16:00etatik 19:00etara. Jaia amaierara iritsiko da une horretatik aurrera, Lezeagako Sorginak bere magia egiten duenean gaiztakeria guztia kanpora botatzeko eta Laudiori agur esaten dionean datorren urtera arte.
Mozorro lehiaketa
Larunbatean, hilak 1, Lezeagako Sorginaren kalejira eta ongietorrian egingo den mozorro lehiaketan izena eman nahi dutenek modu telematikoan egin ahal izango dute ostegunetik ostiralera, aratusteak@laudio.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz. Mozorroaren izenburua, parte-hartzaile kopurua (adingabeak barne), karroza erabiltzen den eta kontaktu bat adierazi beharko dira.
Aurrez aurre egin nahi dutenek Kultur Etxera joan beharko dute hilaren 1ean bertan, 16:30etik 17:45era.