Gaur arratsaldean ospatutako osoko bilkuran Laudio Udalak Gobernu taldekoak ez diren korporazioko kideek egindako informazio-eskaeren aurrean jarduteko protokoloa aurkeztu du; beraz, hemendik aurrera Osoko Bilkuran, Tokiko Gobernu Batzarrean edo Batzorde Informatibo ezberdinetan eskatutako informazioa talde politiko guztiei bidaliko zaie eta ez soilik eskatzaileari. Horrez gain, egindako galderak, batzarra edozein delarik, dagokion arloari helaraziko zaizkio, udal kudeaketarako plataforma digitalaren, bost egun balioduneko epean. Idatziz aurkeztutakoak aldiz, Erregistro bidez sartu beharko dira.
Saioan ere salmenta ibiltaria arautzen duen Udal Ordenantza eguneratzea eta aldatzea onartu da. Gauzak horrela, araudiak salmenta baimenen titularren senideei aitortzen dizkien eskubide eta betebeharrak odolkidetasun bigarren mailara arte zabaldu dira, lehen ezkontidea eta seme-alabak bakarrik kontuan hartzen zirelako. Horrez gain, merkatari elkarteek antolatu ditzaketen azoka egunen kopurua 12ra arte handitu da, eta gehienez ere, ondoz ondoko 3 eguneko
aldietan antolatu ahalko dira. Edozein kasutan, titularrarekin batera lanean dauden pertsonak Gizarte Segurantzan alta emanda egon beharko dira, titularraren senitartekoak izan ala ez.