Bulego, Chambao eta Su Ta Gar 2025eko Sanrokeetan izango dira

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2025eko maiatzaren 21a

Chambaoko abeslaria. / Andres Ibarra

Musika taldeen bozketa herrikoian 1.041 laudioarrek parte hartu dute.

Aurten laudioarrek bat egin dute 2025eko Sanrokeetan abuztuaren 16, 17 eta 28an izango diren musika taldeen aukeraketarako herri bozketarekin. Hori horrela, astebetez, zehazki otsailaren 17tik 23 bitartean, 1.041 boto jaso ziren guztira. "Oso emaitza pozgarria da, parte-hartze handia eman delako. Laudion herriko jaiekiko dagoen interes handiaren erakusle dira datuak; gainera, eszenatokian emakumeak eta talde euskaldunak egotea bermatu da", goraipatu du Sonia Respaldiza Jaietako zinegotziak.

Bozketan lortutako emaitzak positiboak izan badira ere, prozesua abiatu zenetik, sareetan topatutako eduki batzuk alarmak piztu zituen herriko hainbat mugimendu eta eragileengan; zehazki abuztuaren 28rako ateratako musika taldearekin.

“Herritarren babesa eta iritzia geure lanaren erdigunean dago, eta kezka hau sortu izanak prozesua moteldu du. Parekidetasun eta berdintasunaren aldeko pausuak ematen jarraituko dugu; hori dela eta bozkatuen izan den bigarren aukera lehenetsiko da, hala adostu delako ere jaietako lan taldearekin baita herriko eragileekin ere”, zehaztu du zinegotziak. Edozein kasutan, Kuadrillen eguneko kontzertua ez da argitaratuko ekainera arte.

Bitartean, laudioarrek jaietako lehen larunbaterako, abuztuaren 16rako, San Roke egunerako, La Mari buru duen Chambao taldea izango du, proposatutako bost aukeren artean bozkatuena. Eta hurrengo egunean, San Rokezar egunean, Su Ta Gar talde euskalduna igoko da Zumalakarregiko eszenatokira. Nolanahi ere, Udalak ez dio utzi aurtengo Sanrokeen egitaraua diseinatzeko lanari, eta 29rako Bulego taldearekin kontzertua itxi du.

Azpimarratzekoa da, herri-bozketaren lehen proposamen honek harrera oso ona izan duela. Ildo horretan, boto-emaileen %55 emakumeak izan dira. Adin-taldeei dagokienez, 30 urtetik beherakoen parte-hartzea %30ekoa izan da, 30-60 urteko pertsonena %59koa, 60 urtetik gorakoena, berriz, %11koa.

Bulego, Jai Batzorde Irekiak aukeratutako taldea

Bulego talde azkoitiarra aukeratu du Jai Batzorde Irekiak abuztuaren 29an, Baserritarra Egunean, Zumalakarregi agertokian aritzeko. Ildo horretan, agertoki nagusiko musika-programa ahalik eta lasterren ixteko asmoz, Bulego taldea zuzenean kontratatzea erabaki zuen, agenda kontuak tarteko. Bestalde, Zumalakarregiko gainerako kontzertuak bozketaren bidez erabaki dira.

Aurrerantzean, jai-egitarauko gainerako musika-emanaldiak eta proposamenak zehaztuko dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide