Udalak batzar bat deitu du Aretan Lipmesa fabrika zaharraren lurren erabilera posibleak aztertzeko

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala

Lipmesa enpresa izandakoak lursail ugari hartzen ditu Aretan./ Aiaraldea

Egun horretan bertan, eremu horretako hirigintza-jarduketaren lehen zirriborroa jakinaraziko da, HAPOren aurrerapen berrian jasotzen dena, Aretak prozesuaren hasieratik lursail horietarako etorkizuneko erabilerarik onena aztertzen, eztabaidatzen eta erabakitzen parte har dezan.

Joan den apirilaz geroztik, laudioarrek aukera izan dute Laudioko etorkizuna definituko duen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) lehen aurrerapen-zirriborroa ezagutzeko eta horri buruz hausnartzeko. Orain, eremu bakoitzeko proposamenak eta udalerri mailan aurreikusten dituen jarduketak aztertu direla, Udalak beste urrats bat eman nahi du bizilagunen eskutik, eta Aretan kokatzen den Lipmesa fabrika zaharraren lurren erabilerak eztabaidatu nahi ditu.

"Espazio horrek premiazko jarduketak behar ditu, hamarkada bat baino gehiagoan abandonatutako industria-eremua izan da eta, gainera, Aretaren erdigunean kokatuta dago. Gaur egun oztopo bat da Aretaren kohesio eta elkarbizitzarako", adierazi du Ainize Gastaka alkateak. Hain zuzen ere, HAPO berriak planteatzen duen ardatzetako bat da lurzoru industrialak berroneratzea, espazio publikoak indartzea eta konektatzea da, eta egungo behar sozialetara egokitzen diren etxebizitza-eredu berriak eraikitzea. Gauzak horrela, eta azterlanak zehazten duenaren arabera, lursail horren kokapena ezin hobea da proiektu berriak "modu azkar batean garatzeko”.

"Udal talde tekniko eta politikotik uste dugu hirigintza-ekintza arin eta garrantzitsu bat eragin dezakeela etxebizitzaren eta Aretako hiri-hobekuntzaren eremuan, gure herriak behar duen eraldaketa sakonean aurrera egitea ahalbidetuz. Hasieratik nolakoa izan behar duen auzotarrek beraiek erabakitzea nahi dugu", aurreratu du alkateak. Arrazoi hauengatik, ekainaren 25ean, 18:00etan, Udalak batzar bat egingo du Aretako Kultura Etxean, herritarrekin batera eremuaren etorkizuneko erabilerei eta aukerei buruz hausnartzeko.

"Berroneratzeak aukera emango luke ingurunea biziberritzeko, biztanle berriak erakartzeko, bereziki gazteak, eta inguruko ekipamenduak eta zerbitzuak hobetzeko, tren-geltokiarekiko lotura indartuz eta espazio publiko berriak eta hobeak sortuz", gehitu du Gastakak. Hirigintza-jarduketari buruzko dokumentazioa, enpresaren proposamena dena eta Planak jasotzen duena, egun horretan bertan jakinaraziko da, Aretako herritarrek esku hartzeko eta garapen onena aztertu, eztabaidatu eta erabaki dezaten.

Udalak auzotarrak animatu nahi ditu prozesu honetan aktiboki parte hartzera, Aretaren etorkizun integrala, eta ez bakarrik eragindako lurzatiarena, modu bateratuan definitzeko aukera delako. Hori dela eta, batzarraren ondoren, gai honetaz hausnartzeko, beste toki-erakunde batzuekin aztertuko da proiektua. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide