Bi astez Laudiok feminismoa “zukutu” du berriz II. Jardunaldi Feministekin, gai ezberdinak jorratuz formatu anitzetan. “Aurten antzezlanak, bakarrizketak, hitzaldiak, sound system saioa, liburu aurkezpena, Zinegoak-en luze eta laburmetraiak, eta mahai inguruak izan ditugu, bai eta 350 pertsonen presentzia ere, iaz baino gehiago. Horrek bide onean goazela adierazten du”, azpimarratu du Nagore Gomara Gobernantza Feministako zinegotziak. Izan ere, jardunaldien
bigarren urte honetan Laudion sortu berri den Askotariko Emakumeen Kontseiluak zaintzei buruzko mahai inguruan parte hartu zuten; egun kezkatzen duen egoera hau udalerri mailan lantzeko. “Feminismoaren aldarrikapen nagusietako bat zaintza-lanen banaketa eta zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko apustua egitea da; eta honetaz hausnartzeko aukera izan dugu Laudioko emakumeekin batera”, goraipatu du zinegotziak.
Horrez gain, maiatzaren 16tik eta 29ra bitartean, emakume migratuek nola egiten dioten aurre egoerei ezagutarazi da; digitalizazioaren ondorio diren prostituzio mota berriak aztertu dira; LGTBIQ+ pertsonen bizipenak partekatu dira; emakume artisten ekarpenak artean eta jasan izan duten ikusezintasuna mahai gainean jarri da; eta herriko emakumeek, Kuluxka Antzerkiarekin batera, sortutako “Txotxongilo artikulatua” antzezlana ikusteko aukera egon da, besteak beste.
“Jorratutako gaiek balio izan dute interes handiko hainbat kontuei buruz hausnartzeko. Izan ere, ekintza arrakastatsuenak eta parte hartze handiena izan dutenak izan dira “Entre dos mundos” antzezlana, Txotxongilo artikulatuaren aurkezpena, “Ezkutuko prostituzio berria: sugar dating, Only Fans eta ahalduntze faltsua” hitzaldia, “Hoy él no se levanta, nosotras sí” antzezlana eta “Manólogo” bakarrizketa”, zehaztu du Gomarak.