Laudioko etorkizuna definituko duen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) lehen aurrerapen-zirriborroa aurkeztu zaie jada bizilagunei, euren iritzia jasotzeko eta “guztiona izango den Plana definitzeko ere”, gehitu du Ainize Gastaka alkateak.
Izan ere, Taper Arkitektura eta Hiritik At erredakzio taldearen eskutik, udalerri mailan aurreikusten diren jarduketaz gain, plan-zirriborroak eremu bakoitzerako jasotzen dituen proposamenak ere azaldu eta aztertu dira auzoz auzo, herritarren ikuspegia proiektuan txertatzeko asmoz. “Beti esaten dugu baina garrantzitsua da mahai gainean dagoena HAPOaren zirriborroa dela jakitea, herria antolatzeko lehen proposamen bat, baina ez definitiboa. Batzarrekin, herritarrak entzun nahi izan ditugu”, gehitu du alkateak.
Egin diren zortzi auzo batzarretan 20-30 laudioar hurbildu izan dira orokorrean zalantzak argitzeko, bai eta euren iritzia partekatzeko ere. “Parte hartze datu onak izan dira, prozesua auzoetara eramateko egin den ahaleginak jende askoz gehiagorengana heltzea, eta auzoetako problematika zehatzak lantzeko aukera ekarri du. Batzarretan eman ziren iritzietatik, ideia errepikatuena, HAPOaren onarpena noiz izango den jakitea izan da, aurreko prozesuekin izandako esperientziak gaur egungo jarrera baldintzatzen baitu” aipatu du Gastakak.
Auzoz auzo
Aretan, esaterako, nahiz eta egoki ikusten den Herrigunearekin lotzeko egindako proposamena, auzokideek etxebizitza eskuragarriak eta babestuak bultzatzearen alde agertu dira, Anuntzibai zonaldea eremu berde gisa kontserbatzea proposatu da, eta ibilgailu astunak herritik kentzeko beharra ere aztertu izan da. Horrez gain, kezka sortzen duten beste gune batzuk Gasteiz kalea eta gasolindegia izan dira.
Gardean, berriz, herritarrek beharrezkotzat jo dituzte Santa Cruz tren geltokia, gune berdeak eta baserrien zaintza eta birgaitzea, bai eta adinekoentzako ekipamenduak sortzea ere TreMarfilleko eraikinean. Arrañon mugikortasuna eta irisgarritasuna izan dira gai nagusiak, baina zaharren egoitza zaharrari erabilera bat emateko beharra ere agertu da. Herriguneari dagokionez, aparkalekuak eta zarataren gaiak jorratu izan dira eta mugikortasuna ere, zalantzak agertuz Zumalakarregi eta Nerbioi kaleetarako proposatzen den baketzea. Ugarten etxebizitza berriak eraikitzeko guneen sorrera eta Zumalakarregi etor-bideko
biribilgunea aztertu dira, Kiroldegi berri baten aukeraz gain.
Landa eremuan etxebizitza, ekipamenduak, baserrien banaketa eta lurra mantentzea izan dira gai eztabaidatuenak. Latiorron berriz, herritarrek arazoak ikusten dituzte aparkaleku kopuruetan, eta Jesus Guridi auzoari bide ematea eskatu dute, industriarako gune berriak ez gordetzearen alde agertzeaz gain.
Azkenik, Landaluzen aparkalekuen beharra agertu da gai bezala, baina, orokorrean, auzo dagoen moduan mantentzea proposatu da.
“Iradokizun eta ekarpen guztiak entzun eta jaso dira. Orain erronka proposamen hauek guztiak Planera ekartzea izango da. Azken helburua adostasun zabalena lortzea izango da”, adierazi du Gastakak. Bestalde, herritarrek positiboki baloratu izan dituzte auzo batzarrak oso “interesgarri, hurbilak eta lagungarriak” suertatu direlako.
Ekarpenak erregistro bidez
Oraindik ere laudioarrek denbora dute HAPOari iradokizunak egiteko, epea ekainaren 20ra arte zabalik mantenduko delako. Edozein kasutan, ekarpen eta proposamen guztiak erregistro bidez aurkeztu behar izango dira HAZen edo egoitza elektronikoaren bitartez. Orain arte, 9 iradokizun eta 3 kontsulta jaso dira, eta beste hiru hitzordu eskatu dira.