Gaur Laudio Udalak 2.000 euroko erosketa txartelak zozketatuko ditu Merkataritza Astean tokiko negozio eta establezimenduetan erosketak egin zituztenen artean. Parte hartu zuten pertsonek ekimena hasi zenetik, maiatzaren 19tik, eta amaitu arte, ekainaren 2, kanpainara atxikitutako 54 dendetan egindako erosketen tiketak udaletxe sarrerako kutxan utzi zituzten, lore bat opari gisa eskuratuz. “Tokiko merkataritza loratzen lagundu nahi genuen, eta lortu dugu, dozenaka tiket jaso ditugu, ekimenaren arrakastaren erakusle gisa”, goraipatu du Iñigo Martínez Laudio Haziko zinegotziak.
Zozketa gaur egingo da Kasinoan, arratsaldeko 19:30ean. Sarrera libre izango da, eta 4 sari kategoria banatuko dira: 20 euroko 75 opari-bonu Laudioko saltokietan trukatzeko, 10 euroko 25 opari-bonu, elikagai-dendetan trukatzeko, Laudioko baserritarren merkatuko tokiko produktuen 5 saski banatuko dira, eta 10 euroko 15 opari-bonu ere baserritarren merkatuan trukatzeko.
“Tiketak ausaz aterako dira, sari-kategoria bakoitzean aurreikusitako bonu kopuruaren arabera. Zenbat bonu, hainbat tiket. Ondoren, beste 20 erreserba-kupoi aterako dira, saridunekin harremanetan jartzea ezinezkoa den kasuetarako.
Eskakizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, saridunen datuak irakurriko dira”, azaldu du Ludi Temiño lehen sektoreko zinegotziak.
Edozein kasutan, zozketaren emaitza telefonoz jakinaraziko zaie saridunei baina gehienez 5 telefono-dei egingo dira. Dei-saiakeren ondoren harremanik ezartzen ez bada, dagokion erreserbako pertsonari esleituko zaio saria. Nolanahi ere, saridunen azken zerrenda Udalaren webgunean argitaratuko da.