Uztaileko tenperatura altuen aurkako metodoak topatu ditu Laudiok herritarrentzat: euskarazko umorea eta kultura. Hala, euskal arte eszenikoaren bi harribitxi helduko dira udalerrira, laudioarrak algaraz eta harriduraz freskatzeko.
Igande honetan Trapu Zaharra konpainiak bere azken-azken antzezlana (izatez, akabukoa izango da) antzeztuko du Lamuza plazan, 19:00etan: "Azkena eta bagoaz!" izenekoa (euskaraz).
Datorren asteko larunbatean, hilak 19, berriz, Zirkun Zirko eskolak "Bidaibizitzen" izeneko txotxongilo-, antzerki- eta zirko-ikuskizuna eskainiko du Lamuza plazan, 19:00etan, euskaraz. Eguraldi txarrik eginez gero, ikuskizunak Aldai plazan egingo dira. Saio biak Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu ditu.