Aurten ere, Udalak berretsi egin du herriko jaiak indarkeria matxistarik eta sexistarik gabe bizitzeko konpromisoa. Jaiak askatasunez, beldurrik gabe eta berdintasunean gozatu ahal izatea da helburua. Horretarako, abuztuko hainbat egunetan, Batzalarrin kalean jarriko da informazio-, arreta- eta sentsibilizaziogunea, Beldur Barik jarrera sustatzeko espazio gisa ere funtzionatuko duena.
“Herritar guztiak gonbidatzen ditugu gune honetara gerturatzera, parte hartzera eta jai libre, seguru eta berdinzaleak eraikitzen laguntzera. Ez dago berdintasunik espazio seguru barik. Zaintzen duen komunitate bat gara, eta elkarri ere zaintzen diogu. Eraiki ditzagun denon artean indarkeria sexistarik gabeko jaiak”, adierazi du Nagore Gomara Gobernantza Feministako zinegotziak.
Gunea karpa informatibo eta arreta-puntu gisa jardungo du, eta indarkeria sexista edo LGTBIQ+fobikoaren aurkako laguntza eskainiko du abuztuaren 15ean, 19:00etatik 02:00etara; abuztuaren 16 eta 17an, 22:00etatik 03:00etara; eta abuztuaren 28, 29 eta 30ean, 22:00etatik 04:00etara. Genero eta sexualitate gaietan adituak diren profesionalek eskainiko dute arreta, doan eta konfidentzialki (laguntza fisikoa eta emozionala, arreta psikologikoa eta aholkularitza juridikoa).
Horrez gain, sentsibilizazio eta prebentziorako jarduerak egingo dira: informaziomaterialen banaketa, sexuari buruzko galdetegiak, aholku pertsonalizatuak eta pertsona guztientzako irisgarri eta egokiak diren opari erotikoak.
“Espazio honek ez du bakarrik arreta eskainiko, baizik eta Beldur Barik jarrera sustatuko du: jaiak errespetuan, berdintasunean eta ardura partekatuan bizitzeko modu bat”, zehaztu du zinegotziak.
24 orduko arreta telefonoak:
- SATEVI: 900 840 111. Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako arreta eta informazio zerbitzu espezializatua (Eusko Jaurlaritza). 51 hizkuntzatan eskuragarri eta entzumen- eta/edo hizketa-desgaitasuna dutenentzat egokitua.
- Tximeletak Zentroa: 650 801 080. Sexu-indarkeriaren biktima diren 16 urtetik gorakoentzako arreta integrala eskaintzen duen zentroa.
- Larrialdiak: 112