Bihartik eta abuztuaren 13ra arte laudioarrek udalerriko espaziorik kuttunena aukeratu ahal izango dute “Laudioko bazterrik ederrena” lehiaketan parte hartu dutenen artean. Argazki guztiak Herriko Plazako erabilera anitzeko gelan bilduko dira, asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00ak arte. Edozein kasutan, erakusketa herritarren eskura egongo da astearte, ostegun eta ostiral arratsaldeetan ere, 17:30etatik 19:30etara. Lehiaketaren lehen edizio honetan 26 argazki hartuko dute parte.
“Laudioko espazio eta toki azpimarragarrienak orain argazkietan ditugu”, goraipatu du Ludi Temiño, Laudio Haziko zinegotziak.
Bozketa udal webgunearen bidez bideratuko da. Bozka eman ahal izateko, Laudion erroldatuta egon behar da eta 13 urte baino gehiago izan. Irudi irabazlea irailaren 13an publiko egingo da ekitaldi batekin.