Irailaren 19tik 21era bitartean Laudiok Latiorro auzoko jaiak biziko ditu, udalerriko azkenak. Egitaraua, Latiorroko Jai Batzordeak diseinatuta, betiko izaerari eutsiko dio, urtez urte finkatu diren jarduerekin: Marmitako Txapelketa eta XV. Mendi Martxa.
Ohiko ekitaldiez gain, Latiorrok jarduera ugari eskainiko dizkie laudioarrei, baita bisitariei ere: puzgarriak eta haurrentzako jolasak, kalejirak, igel eta mus txapelketak, herri bazkariak, dantzak eta bingoa, besteak beste. Musikak ere protagonismoa izango du. Ostiralean, hilak 19, Both, No Conforme eta DJ Teso arituko dira; eta larunbatean, hilak 20, Txapela Brava, Zirkinik Bez eta DJ Masa.