Beste urte batez, eta emakumeen jabekuntzarako topagune indartsu eta bizia sortzeko asmoari helduta, Udaleko Gobernantza Feministako Zerbitzuak Laia Laudio programa abiaraziko du berriz irailaren 25ean. “Urte berriak jarduera zirraragarriak, hausnarketarako espazioak eta ahizpatasunean oinarritutako
komunitate bat dakar. Eta proiektu honekin aurrera egiteko, ezinbestekoa da kolektibo eta elkarte feministetako kideen konpromisoa eta inplikazioa. Horrez
gain, Askotariko Emakumeen Kontseiluak udalerriko emakumeen ahotsa eta esperientziak txertatzen jarraituko du eskola honen jardunean”, azaldu du Nagore
Gomarak Gobernantza Feministako zinegotziak.
Jarduerak, LAIA lurralde-sarearen barruan txertatuak, Lezeaga Aretoa izango dute babesleku eta topagune. Gauzak horrela, eta umorez, hausnarketaz eta konplizitatez hasteko, Kaitin Allenderen Kilimaterio bakarrizketa izango da programaren abiapuntu, non urteko programazioa azalduko den. Horrez gain,
berdintasuna egunerokotasunetik, dibertsitatetik eta kolektiboki eraikitzen jarraitu nahi dutenek, hainbat ekimen izango dituzte maiatzera arte.
Irailean esaterako, emakume migratuen askari-topaketa izango da (irailak 28), Kuéntame elkarteak feminismoa eta berdintasunari buruz arituko da bertaratutakoekin (irailak 29), eta “Raíces” izeneko dokumentala proiektatuko da (irailak 30). Udazkenari begira, programak askoz gai gehiago jorratuko ditu; hala nola, irakurketa klub feministak, bai euskaraz eta erderaz; adimen emozional feministari buruzko online tailerra eskainiko da; “Beste harri bat bidean” erakusketa antolatuko da; biodantza jarduerak ere izango dira; sexualitate eta barreterapia tailerrak; gizontasunari buruzko ikuspegi kritikoa sustatuko duten dinamikak; eta askoz gehiago.
“Ahalduntzea elkarri entzutea, elkarrekin barre egitea, ikastea eta bizitzea delako, Laia Laudion izango gaituzu zain. Espazio hau denona bihurtzeko”, azpimarratu du zinegotziak.
Memoria bizia
Aurten ere oso ekimen berezi bezain polita hartuko du Lezeaga Aretoak: herriko emakumeen argazki bilduma; familia argazkietatik abiatuta oroitzapenak, bizipenak eta esperientziak partekatzeko. Aurkezpena urriaren 20an izango da. Horrez gain, antzerkia eta umorea baliatuta eguneroko beste gai asko jorratuko dira: “Las que limpian”, “Paperak lortzeko ezkontzea benetako maitasuna da”, eta Solastiar tokiko elkartearen “Oihala zabaltzen” lanekin.
Abenduan ere, 17an hain zuzen ere, argazki-erakusketa eta hitzaldi bat antolatuko dira Euskal Herriko landa-eremuko bost pertsona queer-en bizipen, hausnarketa eta sentsazioekin. “Bizitza landatarra eta aniztasuna nekez uztar daitezkeelako ideia hori kolokan jartzeko xedea duen ikusgaitasun-, memoria- eta erresistentziaariketa bat da obra hau”, gehitu du Gomarak.
Garbi-ikuzleen lana indartzen
2026an zehar hainbat tailer antolatuko dira, eta ibilbide bat ere, garbi-ikuzleak urteetan zehar egindako lana publikoki aintzatesteko, bai eta espazio horiek kultura-ondare gisa duten balioa berreskuratzeko ere. Ekimena apirilaren 20an izango da 10etatik aurrera. Bitartean, hala nahi duten laudioarrek, antzezlanak, tailerrak, hitzaldiak eta formakuntzak izango dituzte.
Interesa duten pertsonek izena emango beharko dute hainbat jardueratan, gutxienez hasi baino hiru lanegun lehenago, laialaudio@laudio.eus helbidera idatziz
eta galdetegi sinple bat erantzuten. Horrez gain, eta familien kontziliazioa bermatze aldera, 1 urtetik gorako haurrentzako ludoteka zerbitzua eskainiko da,
betiere aurretik eskatzen baldin bada. Gainera, Lezeaga Aretoan (Lamuza 17) feminismoan eta aniztasunean espezializatutako liburu mailegu zerbitzu doakoa
eskura dago, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:30era.
Egitarau osoa hemen.