Urriko lehen larunbatean, hilak 4, Laudio dantzaz, musikaz, azokaz eta ekimen askoz gehiagoz beteko da Euskal Herriko Dantzari Egunarekin, bai eta Kukutxe San Blas Feria Elkarteak antolatuko duen Sagar Egunarekin ere. Izan ere, goizeko 10:00etatik Aldai plaza artisau eta baserritarren produktuekin beteko da Sagar Eguna ospatzen hasteko.
Haurrek ere eurentzako jolasak izango dituzte, trebeenak sagar tarta gastronomia lehiaketan parte hartu ahal izango dute, bikoteka sagarrei zukua ateratzeko aukera egongo da, eta dastaketa ezberdinak ere.
Euskal Herriko Dantzari Egunak berriz, Laudioko txoko ezberdinak hartuko ditu 11:00etatik aurrera. Alberto Acero plazan folklore azoka eta dantza plaza egongo dira goizean zehar, eta arratsaldez Laudioko kaleetatik kalejira bat abiatuko da Herriko plazaraino, non emanaldi nagusia egingo den (17:30). Laudioarrek ere erromeriaz gozatu ahal izango dute, gaueko 21:00etan.