Laudioko Udalak Palestinako enbaxadaren eskertze-mezua jaso berri du Osoko Bilkurak mozio bidez adierazitako babesa eta elkartasunaren harira. Husni Abdel Wadel, Palestinako enbaxadoreak helarazitako gutunean azpimarratzen duenez, “Bake justu eta iraunkorrarena da herri palestinarraren estrategia, nazioarteko arauetan, nazioarteko zilegitasunean eta Nazio Batuen ebazpenetan oinarritutakoa”. Horrez gain, Laudio Udalak adierazitakoa ere eskertu du enbaxadoreak: “eskerrak eman nahi dizkizuet eraso basatien bidez Israel gure herriari eragiten ari zaion genozidio-politika gaitzesteagatik”.
Izan ere, Laudioko Udalbatzak bi mozio ditu onetsita Gazan 2023ko urriaren 7az geroztik Israel eragiten ari den sarraskia salatzeko. Zehazki, 2023ko azaroaren 27an onetsi zen "Gerra eta denbora" erakusketa antolatu zuten artisten ekimenez aurkeztutako mozioa, eta, mozioan eskatutakoari jarraikiz, batzar ireki baterako deia egin zuen Udalak, Palestinan su-etena eskatzeko ekimenak sustatzeko helburuarekin. Deialdi hari erantzunez, Laudio-Palestina elkartasun taldea eratu zen, beti Udalaren babesarekin.
Gauzak horrela, eta Israelen sarraskia salatzen jarraitzeko asmoz, ekaineko osoko bilkuran beste mozio bat atera zen aurrera. Orain, Udalak eskerrak eman nahi dizkio Palestinako enbaxadari, Israelgo estatuak Gazan egiten ari den genozidioa salatzeko onetsi ziren mozioei eman dien erantzunarengatik. “Palestinako herriari elkartasuna adierazten jarraituko dugu, Israelen eraso basatiari amaiera emango dion bake justu eta iraunkorra lortzeko”, adierazi du Ainize Gastaka alkate-udalburuak.