Joan den astean jaso ziren aurtengo jaiei buruzko hausnarketak, baita 2026ko sanrokeak prestatzeko ekarpenak bildu ere; horrenbestez, atzo Kultura Etxean izandako bileran Udalak eta jaien lantaldeak datorren urteko jaien prestakuntzari ekiteko lehen urratsa egin zuten. Jaietako zinegotzi Sonia Respaldizak azaldu duenez, “nahiz eta parte-hartzea baxua izan den, inkestan parte hartu duten 23 laudioarren gogobetetze maila handia izan da. 10 puntutik 7 eman diete jarduerak orokorrei, emakumeen nahiz euskararen presentziari eta zarata mailari”.
Musikari dagokionez, bizilagunek balorazio ona egin dute aurtengo proposamenei dagokienez, eta bereziki estimatu dute Bulego taldearen kontzertua. Halaber, gauetako DJek eta erromeriek ere oso iritzi onak jaso dituzte. Odoloste eguneko orkestra, ostera, ez da askoren gustukoa izan. “Talde berri asko proposatu dira datorren urteko jaiei begira, denetariko gustu eta adinentzat. Hala ere, gazteek propio eurentzat diren musika taldeak eta DJak eskatu dituzte”, adierazi du zinegotziak.
Bestalde, laudioarren egutegietan jarduera kuttun gisa geratu dira iltzatuta bazkari herrikoiak eta kalejirak, baita Suziri Jai Koordinakundeak antolatutako “Made in Laudio” ekimena ere. “Ekintza arrakastatsua izan da, oso, eta errepikatzea eskatu dute herritarrek”, zehaztu du Respaldizak.
Euskara eta berdintasuna
Euskararen presentzia jai-egitarauan bermatua egon dela onartu duten arren, laudioarrek euskarazko antzezlan eta musika emanaldi gehiago nahi dituzte, eta, besteak beste, Süne, Izaro nahiz Dupla taldeak ekartzea proposatu dute. Horrez gain, inkestan parte hartu dutenek berdintasuna bermatu dela ere baieztatu dute, eta emakumezkoen presentzia handia izan dela oholtzan.
Hobetzeko proposamenak
Besteak beste, inkesten bidez jasotako beste proposamen batzuk izan dira haurrentzako jarduera gehiago antolatzea eta ekintzen kokalekuak zein ordutegiak egokitzea. Bestalde, ekintzen koordinazioa eta planifikazioa hobetzeko ere eskatu dute Laudioko biztanleek. “Aurten, sare sozialetan eta WhatsApp zein Telegram kanaletan iragarri ditugu azken orduko aldaketak batez ere, baina paperezko kartelak ere jarri dira. Hala ere, datorren urtera begira, formula egokiena bilatuko dugu herritar guztiek informazioa garaiz jaso dezaten”, biribildu du Respaldizak.
Etorkizunera begira
Inkestaren emaitzen arabera, herritarrek parte hartzeko gogoa dute, eta datorren urteko jaiak “anitzak, berdinzaleak eta herrikoiak” izatea nahi dute.