2026ko ordenantza fiskalak lantzeari ekin dio Laudioko Udalak, eta eskua luzatu die gainerako taldeei adostasun zabala lortzeko

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2025eko urriaren 11

Dokumentuok funtsezkoak izango dira datorren urteko udal-politika ekonomiko eta fiskalak zehazteko.

Gaurko informazio-batzordea eginda, Laudioko Udalak 2026ko ekitaldirako ordenantza fiskalak prestatzeko lanei heldu die jada. Ordenantzen dokumentuek berebiziko garrantzia dute datorren urteko udal-politika ekonomikoa eta fiskala zehazteko.

Udal-gobernu taldearen helburua da herritarren beharretara egokitutako ordenantzak lortzea, bidezkoak, orekatuak eta jasangarriak izango diren ordenantzak, udal-zerbitzuen kalitatea eta herritarren ongizatea bermatzekoak.

Horiek horrela, elkarrizketa- eta lankidetza-giroan bideratuko da prozesu osoa. “Gainerako udal-taldeei eskua luzatzen diegu egokitzat jotzen dituzten ekarpenak egin ditzaten. Adostasuna eta elkar-ulertzea ditugu xede, sendo uste baitugu elkarlana beti izaten dela Laudio herriaren mesederako. Izan ere, gainerako alderdien onespena eta aldeko botoa beharrezkoa izango da”, adierazi du Iñigo Martinez Cerrillok, Ogasuneko zinegotziak.

Urteko KPIaren (Kontsumoaren Prezioen Indizea) bilakaera kontuan hartuta, Udal Gobernuak batzordean proposatu du udal zergak —OHZ, Ibilgailuen Zerga, EIOZ eta Plusbaliak— % 2 eguneratzea. Gainerako tasak eta prezio publikoak, zabor-tasa izan ezik, izoztuta mantenduko dira. “Legealdia hasi zenean aldaketa sakonak egin eta onartu genituen: OHZn diru-sarreren hobaria erabat aldatu eta hutsik dauden etxebizitzen gaineko errekargua ezarri genuen. Horregatik, aurten ez dugu aldaketa handirik sartuko ordenantzetan”, azaldu du Ogasun zinegotziak.

Deialdiaren bidez, Laudioko Udalak berretsi egiten du herritarren ongizatea helburu duen kudeaketa arduratsu eta partizipatiboaren aldeko apustua, erakundeen arteko lankidetzan eta interes orokorrean oinarritutakoa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide