Udalak prest dauka dagoeneko datozen 5 urteetan udalerriko ehiza-barrutiak kudeatzeko plana. Ehiza larriaren kasuan, hasia dago jada basurde eta orkatzen sasoia, eta martxoaren 15era arte iraungo du. Kalteen ondorioz beharrezkotzat jotzen bada, aparteko uxaldiak ere egingo dira aurrerago.
Nolanahi ere, ostegun, asteburu eta jaiegunetan baino ezingo da ehizatu. Ehiza xehearen sasoia, ostera, urriaren 12an hasi da. Horiek horrela, uso migratzaileak eta birigarroak ehizatu ahalko dira Laudion baimendutako postuetan, urtarrila amaitu arte. Ehiza xehearen kasuan, asteko egun guztietan ehizatu ahalko da.
