Udala auzoetan zehar ibili da bizilagunekin batera, udalerrian egin litezkeen hobekuntzak identifikatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2025eko azaroaren 5a

Laster abiaraztekoa den auzo batzarren ziklo berrian ezagutaraziko da herriaren erradiografia eguneratua, "Auzo Ibilaldi" hauetan parte hartu duten 56 pertsonen ekarpenetatik ateratakoa.

Urriaren azken hamabostaldian, zehazki, 14tik 27ra bitartean, laudioarren beharrak bertatik bertara entzuteko eta auzo bakoitzaren eguneroko errealitatea ezagutzeko aukera izan du Udalak, Parte-hartzeko Zerbitzu Unitateak eta auzo kontseiluek lankidetzan bultzatu duten "Auzo Ibilaldiak" ekimenari esker. 56 pertsona ibili dira hiri-eremuko zazpi auzune eta landa-eremuko hirutan zehar osteratxo hauek egiten; besteak beste, udal-ordezkari politiko zein teknikoak, auzo kontseiluetako ordezkariak eta Laudioko hainbat auzotako bizilagunak izan dira partaide.

Halaber, lekuan lekuko gorabeherak detektatu eta kategorizatu ahal izan dira, kasuan kasuko beharrak antzeman ahala tokian bertan dokumentatuz udal-erantzun bizkor eta efikazak ahalbidetzen dituen Línea Verde aplikazioa baliatuta. Horiek horrela, 300 bat proposamen eta behaketa jaso dira, horietako asko argazki eta kokapen zehatzez lagunduta, gainera. "Aplikatutako metodologiari esker, ekarpenak jaso, kasuan kasuko gorabeherak hauteman eta horiekkategorizatu ahal izan dira, eta, gainera, herritarren eta Udalaren arteko zuzeneko elkarrizketa hurbilagoa izatea lortu da ", adierazi du Nagore Gomarak, Parte- hartzeko eta Zeharkako Politiketako zinegotziak.

"Auzo Ibilaldiotatik" herriari atera zaion erradiografia eguneratuari esker, zazpi ardatz handitan multzokatu ahal izan ditu identifikatutako proposamenak, hots: azpiegiturak eta hiri-inguruneko mantentze-lanak; argiztapena eta segurtasuna; mugikortasuna, trafikoa eta aparkatzeko lekuak; garbitasuna eta hondakinen kudeaketa; natura-ingurunea eta berdeguneak; herritarren parte-hartzea eta bizikidetza; eta, azkenik, irisgarritasuna. Horrez gain, herri-erabilerarako lokalak eskatu dira auzo desberdinetan, komunitate-harremanak sendotzeko, eta beste
erakunde batzuen eskumenekoak diren gaiak ere agertu dira, besteak beste, tren-azpiegiturekin, ibai-ibilguen mantentze-lanekin nahiz espazio publikoen titulartasunarekin lotutakoak."

Ibilaldiak baliagarriak izan dira Udalaren eta auzo kontseiluen arteko lankidetza sendotzeko, zonalde bakoitzaren erronka eta aukerei buruzko ikuspegi bateratutik abiatuz. Kasu askotan, proposamenak auzokideek beraiek zuzenean ikusitako errealitateetatik jaio direnez, herritarren erantzukidetasun-ariketa bihurtu da dinamika auzoz auzo udalerri bizigarri, kohesionatu eta partizipatiboagoa eraikitzen jarraitzeko bidean” nabarmendu du zinegotziak.

Auzo batzarren ziklo berria

Aurtengo auzo batzarren zikloak azaroaren 17tik abenduaren 17ra hartuko du, Gardean hasita. "Ibilaldien emaitzak aurkeztuko ditugu batzarretan, egindako jardueren berri emango dugu eta datozen hilabeteetarako lehentasunak zehaztuko", azaldu du Gomarak.

Iaz, 250 auzotar inguruk hartu zuten parte batzarretan, eta ia 200 proposamen jaso ziren. Aurten, 1.200 gorabeheraren berri izan du Udalak “Línea Verde” aplikazioaren bitartez. Horietatik, ia 1.000 ebatzi dira, eta 50 baino ez dira ezetsi behar izan. Erantzuteko batez besteko denbora ez da bi hilabetera iritsi.

Aurtengo batzar guztiak 18:30ean izango dira, eta bi ordu inguru iraungo dute. Hona hemen lekuak eta egunak:

Azaroak 17. Gardea. Gizarte-zentroa.
Azaroak 19. Landa-eremua. Erabilera anitzeko aretoa
Azaroak 26. Erdigunea. Kasinoa.
Abenduak 1. Latiorro. Ikastetxea.
Abenduak 3. Arraño. Kultura Etxea - Arraño Gela.
Abenduak 10. Landaluze. Kultura Etxea – Arraño Gela.
Abenduak 15. Areta. Aretako Kultur Etxea.
Abenduak 17. Ugarte. Eliza.

Parte hartu nahi duten pertsonek ez dute aldez aurretik izena eman beharrik. Dena den, eta antolakuntza errazteko, eskertzekoa izango da aldez aurretik abisatzea 688 800 132 zenbakira deituta, partaidetza@laudio.eus helbide elektronikora idatzita edo udal-webguneko “Parte Hartu” atalean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide