Indarkeria matxista desagerrarazteko konpromisoa berretsi du Laudiok azaroaren 25erako antolatutako programarekin

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2025eko azaroaren 13a

Jarduerak bihar hasiko dira, arratsaldeko 18:30ean Kasinoan, “Las que limpian” antzezlanarekin.

Aurten ere, azaroaren 25eko Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin bat egiteko asmoz, Laudioko Udalak emakumeen aurkako indarkeria matxista gaitzetsiko du bihartik aurrera martxan egongo den egitarauaren bidez. “Gizartean oraindik ere iraun badirauen egiturazko arazo
horren gaitzespena ikusarazteko asmoz, jarduera-programa joria antolatu dugu emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako alderdiei buruzko hausnarketa
pizteko”, azaldu du Nagore Gomarak, Gobernantza Feministako zinegotziak.

Jarduerak bihar hasiko dira arratsaldeko 18:30ean, Kasinoan, Las que limpian antzezlanarekin: umore garratzaren bidez hoteletako garbitzaileen lan prekarioa
eta ikusezina salatuko du. Igandean, hilak 16, Laura Carreiraren On Falling filma ikusteko aukera izango dugu: pelikulan, Aurora izeneko emakume portugaldar bat Eskozian bizirauten saiatuko da, lan prekarioaren eta bakardadearen arteko ataka estuan.

Egitaraua azaroaren 20an itzuliko da Kasinora ¡Casarse por papeles es... verdadero amor! Kabaretarekin, zeinetan emakume migratuen zaintza-lanen esperientziak erakutsiz, eta burlesque estiloko umorez, sistema koloniala eta patriarkala salatuko baita. Hurrengo egunean, Cásate con mi mujer obraren bi emanaldi izango ditugu, 18:00etan eta 19:30ean.

Azaroak 25

Azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, hurrengo Osoko Bilkuran onetsiko den adierazpen instituzionala
irakurriko dute Laudioko Udaleko ordezkariek 12:00etan, eta herriko emakumeen elkarteek kontzentrazioa egingo dute Herriko Plazan nahiz Aretako Altamira plazan, 19:00etan eta 19:30ean, hurrenez hurren.

"Herritarrek gizarte berdinzale baten eraikuntza kolektiboan parte hartzea eta hori sustatzea nahi dugu, emakumeen aurkako indarkeria-adierazpen eta -keinu oro salatuz. Txikienei ere dei egiten diegu berdintasunaren balioa barnera dezaten eta euren egunerokotasunean jarrera arbuiagarri horiek detektatzeko gai izan daitezen", adierazi du zinegotziak. Ildo horretatik abiatuta, herriko ikastetxeetako ikasleak Udalaren adierazpen instituzionalaren irakurketa-ekitaldira gerturatuko dira, eurek ere emakumeenganako indarkeria mota guztiak gaitzesteko.

Ostegunean, hilak 27, jarraituko dugu ekintzekin: Hombrigos con H antzerki-foruma izango dugu Kasinoan, eta, hurrengo egunean, 25N, de qué nos tenemos que defender las mujeres hitzaldia eskainiko du Lezeaga Aretoan Maitena Monroy adituak. Horrez gain, abenduaren 2an eta 5ean, laudioarrek aukera izango dute emakume nagusien indarkeriari buruz hausnartzeko Monica Ramos adituak emango duen hitzaldia aitzakia gisa hartuta, baita Itxi Guerraren solasaldi berezian parte hartzeko ere, non desgaitasunaren inguruko ikuspegi politiko eta soziala landuko den, fokua kapazitismoaren aurkako borrokan eta komunitatearen indarrean ipiniz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide