Hainbat hilabetez obretan egon ostean, Lamuzako Jauregia berroneratze- prozesuaren azken fasean dago. Udalak eraikin historiko hori herritarren zerbitzura jartzea du helburu, eta martxan jartzeko azken urratsak ematen ari da. Hala ere, une honetan, bi gai garrantzitsuren ondorioz atzeratzen ari da Kultura Etxearen irekiera.
Batetik, Foru Aldundiarekin sinatu beharreko lagapen-hitzarmena oraindik ez da formalizatu, beraz, oraindik ezin da espazioa ofizialki erabili; eta bestetik, obra osteko hainbat arazo tekniko antzeman izan dira eraikinean, eta Udaleko zerbitzu teknikoak konpontze-lanetan ari dira, instalazioak baldintza egokietan egon daitezen.
“Lamuzako Kultura Etxea ahalik eta azkarren eta baldintza egokienetan berriro irekitzea da gure lehentasuna, herritar guztien topagune eta sormen-gune bihurtzeko”, azpimarratu du Ainize Gastaka alkateak.
Aldi berean, Kultura Kontseiluaren barruan sortutako lantalde berezi bat ari da espazioaren inguruko hausnarketa egiten. Talde horrek kultura-arloko hainbat eragilerekin harremanak izan ditu azken hilabeteotan, eta helburua argia da: bere garaian Kultura Etxea erabili zuten taldeek espazioa berriro bereganatzea, bizitza kulturala berpizteko.
Hori dela eta, eta bizilagunek proiektuan parte har dezaten, datorren azaroaren 26an, arratsaldeko 18:00etan, proiektuaren egungo egoera eta orain arte landutakoa aurkeztuko da, “Ideazio gela” deituko zaion espazioan (sarrera ondoan). Bertaratzen direnek galderak eta proposamenak egiteko tarte bat ere izango dute.